Lea-Artibai Mankomunitateak Gabonetarako kontsumo arduratsurako deia egin du
Jardunbide egokiak eta aholkuak jasotzen dituen dekalogoa eta bideoa argitaratu ditu.
Gabonetan nabarmen handitzen da sortzen den hondakinen kopurua; batez ere bilgarriak, opari paperak, janari hondarrak edota erabilera bakarreko objektuak. Horregatik, Lea-Artibai Mankomunitatetik herritarrei gogorarazi nahi izan diete “garrantzitsua” dela “kontsumo arduratsua egitea ahalik eta hondakin gutxien sortzeko”.
Azaldu dutenez, ohitura sinpleak hartuz “jai jasangarriagoez” goza daiteke: tokiko produktu iraunkorrak hautatuta, beharrezkoak ez diren bilgarriak saihestuta edota apaingarriak zein poltsak berrerabilita. “Finean, ingurumen-inpaktu txikiagoa eragiten duten aukerak lehenetsita”.
Bide horretan laguntzeko, Lea-Artibai Mankomunitateak Gabonetarako gomendatutako jardunbide egokiak eta aholkuak jasotzen dituen dekalogoa eta bideoa kaleratu ditu. Horrela, herritarrak “aktiboki” parte hartzera animatu nahi ditu. Hondakinak murriztea eta behar bezala sailkatzea “funtsezkoa” da ingurumena zaintzeko eta eskualdeko bizi-kalitatea hobetzeko.
“Jaiak gozatzeko eta ospatzeko uneak dira, baina baita ingurumenarekiko dugun konpromisoa sendotzeko aukera ere. Guztion artean lor dezakegu Lea Artibai iraunkortasunaren eredu izatea Gabonetan ere. Egin diezaiogun opari eder hori gure eskualdeari”, azpimarratu dute Lea-Artibai Mankomunitateko ordezkariek.