EH Bilduren Bizkaiko Bira Lea-Artibaira heldu da
EH Bilduk garatzen duen Bizkaiko Bira egitasmoaren harira, Lekeition, Ziortza-Bolibarren edota Lea Ibarra Amankomunazgoan izan da gaur [abenduak 18] Bizkaiko EH Bilduren ordezkaritza.
EH Bilduk garatzen duen Bizkaiko Bira egitasmoaren harira, Lekeition izan da gaur [abenduak 18] Bizkaiko EH Bilduren ordezkaritza bat. Bertan izan dira Nahia Sanz, Bizkaiko arduradun politikoa; Iker Casanova Bizkaiko batzarkide eta bozeramailea; eta Izaskun Duque eta Aitor López batzarkideekin elkartu dira. Horrez gain, Lea-Artibaiko EH Bilduko alkate eta zinegotzi askok ere parte hartu dute, besteak beste, Irati Urberuaga alkatea, Joseba Goienola Berriatukoa, Arkaitz Goikoetxea Munitibarkoa edota Mari Jose Uriarte Mendexakoa.
Bizkaiko Bira EH Bilduko arduradun politiko eta instituzionalen arteko topagune bezala definitu dute, “eta herri eta eskualde bakoitzean dugun lana eta esperientzia partekatzea dute helburu”. Udal kudeaketan dugun eskarmentua “amankomunean” jartzen dute, “beti ere bizkaitarren bizi-baldintzak hobetzearen bila”. Gaurkoan, Lea-Artibain garatzen ari diren kudeaketaren inguruko esperientziak partekatu dituzte EH Bilduko udal arduradunek, “trantsizio ekosoziala eta basogintza eta etxebizitza politika” bezalako gai “interesgarriei” dagokienez.
Azken puntu horretatik hasita, Lekeition Karabiako lurrak bisitatu dituzte, datozen urteetan 60 etxebizitza sozial eraikiko baitira bertan. Lekeitioko udal arduradunen esanetan, orain urtebete egindako etxebizitzaren diagnostikoaren arabera, eta adinaren zahartze progresiboaren testuinguruan gazteek herritik alde egin behar dutenean, etxebizitzen %57,4 erabilera egonkorreko lehen etxebizitzak dira, eta %25,4, aldiz, erabilera ez-egonkorrekoak. Lekeitioko 909 etxe daude, %17,2, hutsik daude.
Bestalde, Lekeitiok 94 pisu turistiko ofizial ditu. Gaur egun, HAPOren aldaketa puntuala lantzen ari dira, pisu turistikoak arautzeko eta mugatzeko, eta prozesu hori amaitu arte, Lekeition ezin da pisu turistiko gehiago gehitu. Azkenik, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean (Euskadiko tentsio-eremuei buruzko txostena), 2025eko apirilean, Lekeitio jaso zen tentsionatutako eremuen zerrendan. Gaur egun, Lekeitioko Udala “lanean” ari da tenkatutako eremu izendapena lortzeko. Azken egunotan, udal gobernutik martxan jarri du 18 eta 36 urte bitarteko gazteei etxebizitzak alokatzeko laguntzak emateko baldintzen hobekuntza.
Bestalde, goizean, Lea Ibarrako Mankomunitatearen egoitzan bestalde, EH Bilduk eskualderako landutako “transizio ekosozialerako proposamenak” konpartitu ditu eta Ziortza-Bolibarren,” basogintzaren inguruko ekarpenak”. Izan ere, datorren urtean mendi foru arauaren lanketa hasiko da Batzar Nagusietan.