San Tomas eguneko ospakizunak, azoka eta talo artean
Mutrikun zapatuan [abenduak 20] eta Lekeition domekan [abenduak 21] egingo dituzte azokak, eta Munitibarren eta Ondarroak taloak jateko aukera egongo da. Lekeition esku pilotako Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldiaz gozatu ahalko da.
Gabonak hurbiltzeagaz batera heltzen dira urtero San Tomas eguneko ospakizunak ere, eta aurtengoan ez da gutxiagorako izango. Ziortza-Bolibarren jai giro bete-beten murgilduko dira hiru egunez, baina ospakizunak ez dira faltako nonahi: Lekeition eta Mutrikun azokak egingo dituzte, eta Munitibarren eta Ondarroan, talo jana.
Lekeition egun handia izan ohi da, eskualdeko azokarik ezagunetako bat dute eta milaka pertsona erakartzen ditu. Domekan [abenduak 21] 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik, herriko plazan. 35 postu egongo dira guztira: 24 ekoizle eta 11 artisauenak. Hau da, iaz baino 15 postu gutxiago egongo dira. Ekoizleak, artisauak, abeltzainak eta herriko eragileek beteko dituzte azokako etxolak. Ekoizleen postuetan ortuaria eta frutak, esnekiak, kontserbak, ahatekiak, ogia eta gozoak, pasta ekologikoa eta artisau garagardoa bezalako produktuak aurkitu ahalko dituzte bertaratzen direnek. Artisauen postuetan, berriz, saskigintza, zeramika, bitxigintza eta osagarriak izango dira ikusgai eta salgai.
Azokako giroa osatzeko, eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere antolatu dute. Bisitariek idiak, behiak, zaldiak, poniak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak eta beste hainbat animalia gertutik ikusteko aukera izango dute. Aurten, hegazti gripea medio, ez da hegaztirik izango azokan. Era berean, ardi ile mozketa erakustaldia osatuko dute Euskal Ardi Moztaile Elkartearen eskutik. “Bertan arituko direnak, ardi ile mozketa lanaren xehetasunak emango dituzte, baita Latxine txirrista jarri ere etxeko txikienek gozatu dezaten”.
Horrez gain, ikastetxe, elkarte eta herriko eragileek txosnak ere txosnak jarriko dituzte azokaren ibilbidean zehar, festari kolorea eta dinamika gehituz. Eguerdiko 13:30ean emango dute ezagutzera ortuari postu onenaren saria. Irabazleak 300 euroko ordainsaria eta garaikurra jasoko ditu.
“Lekeitioko Santo Tomas azoka eskualde osoak gogotsu itxaroten duen hitzordu bihurtu da, eta bertako nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza sustatzeko ezinbesteko topagunea da. Aurten ere, txorizoa, taloa eta sagardoa izango dira protagonista gastronomikoak, eta herriko plaza jendez, kolorez eta usain gozoekin beteko da berriro ere”, adierazi dute antolatzaileek.
Arratsaldean, aldiz, Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldiko partida bat ikusteko aukera egongo da Santi Brouard frontoian, 17:15etik aurrera. Lehenengo Serie B mailako Peña II-Salaverri II eta Salaberria-Gaskue bikoteek neurtuko dituzte indarrak, eta ostean Serie A mailako Elordi-Zabaleta eta Laso-Albisu bikoteen arteko lehiaz gozatuko dute ikusleek. Zenbait sarrera geratzen dira oraindik, eta entradasfronton.com orrialdetik eros daitezke.
Mutrikun ere, egun berezia izan ohi da San Tomas eguna, eta zapatuan [abenduak 20] egingo dute azoka. 10:00etan zabalduko dute azoka, eta Goiko Plaza bertoko nahiz inguruetako ekoizleen produktuekin beteko da. Ogia, gozoak, barazkiak nahiz beste hamaika jaki erosteko aukera egongo da, eta zenbait artisau postu ere egongo dira.
Ohi bezala, eguerdian elkartuko da jende gehien, eta hala, Beheko Plazan herri kiroletaz gozatzeko aukera edukiko dute. Mutriku Sokatira Taldeko kideek maila goreneko erakustaldia eskainiko dute, eta denetariko herri kirolak ikusteko aukera egongo da: lokotx bilketa, orga jokoa, ingudea, trontza, txinga eroatea, lasto jaurtiketa eta sokatira. Era berean, Izadi Agirre Biritxinaga eta Haritz Aranguren Iturbe Norde ariko dira harria jasotzen. Goizeko jardunari amaiera herriko trikiti taldeak emango dio, kalejirarekin.
Lagun edo familiartean bazkaldu ostean, iluntzean ekingo diete berriro ere jardunari. Urtetik urtera indartzen joan den egitasmoa helduko da Gaztetxera Mutrikuko Rock Kolektiboaren eskutik, eta herriko musikariek hainbat musika talderen bertsioak eskainiko dituzte MRK Gaba girotzeko asmoz. Ostean, Elvis Caino disko jartzailean emango dio amaiera gauari.
Taloak, aukeran. Azokatik azokara ibiltzeko aukera egongo da beraz, asteburuan. Halabaina, ospakizun xumeagoak ere egingo dituzte zenbait herritan. Munitibarren, esaterako, taloak jateko aukera egongo da, domekan [abenduak 21], 12:00etan. Gainera, igel txapelketa ere egingo dute, eta ekitaldia musikagaz alaituko dute. Ondarroan, ostera, Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatuta, 11:30etik aurrera musika, taloak, pintxoak eta edariak eskainiko dituzte Alde Zaharrean. Gainera, umeentzako tailerrak eta txerrikumearen eta otzararen zozketa ere egingo dituzte.
Egitarauak.
- Lekeitio.
- Domeka, abenduak 21.
- 10:00-14:30. Azoka, plazan.
- 12:30. Musikaia musika eskolako trikiti eta panderoko ikasleen kalejira.
- 13:30. Ortuari postu onenaren saria.
- 13:35. Aittita Makurra txarangaren kalejira.
- 17:15. Eskuz binakako txapelketa, Santi Brouard frontoian.
- Domeka, abenduak 21.
- Munitibar.
- Domeka, abenduak 21.
- 12:00. Talo jana, igel txapelketa eta musika.
- Domeka, abenduak 21.
- Mutriku.
- Zapatua, abenduak 20.
- 10:00. Azokaren irekiera, Goiko Plazan.
- 12:30. Herri kirolak, Beheko Plazan.
- 13:00. Trikiti taldearen kalejira.
- 19:00. MRK Gaba eta Elvis Caino, Gaztetxean, Mutrikuko Rock Kolektiboak antolatuta.
- Zapatua, abenduak 20.
- Ondarroa.
- Zapatua, abenduak 20.
- 11:30-15:00. Musika, taloak, pintxoak eta edariak, Alde Zaharrean.
- 12:00-14:00. Umeentzako tailerrak, Alde Zaharrean.
- 14:00. Txerrikumearen eta otzararen zozketa, Alde Zaharrean.
- Zapatua, abenduak 20.