Eskualdeko udal zerbitzu publikoen egoeraren diagnostikoa egingo dute
Udal zerbitzu publikoen gabeziak identidikatzen dituen eta egon daitezkeen hobekuntzak atzematen dituen Herri Txiki, Aukera Handi programa garatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak eskualdean, aurten.
Lea-Artibaiko udal zerbitzu publikoen gabeziak identidikatzen dituen eta egon daitezkeen hobekuntzak atzematen dituen Herri Txiki, Aukera Handi programa garatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak aurten, eskualdean. Izan ere, programa horrek lurraldean udal zerbitzu publikoetara iristeko berdintasuna bermatzea du helburu.
Horretarako, aldundiak tokiko erakundeek ematen dituzten nahitaezko eta aukerako zerbitzuak aztertuko ditu, Lea-Artibain egon daitezkeen beharrak hobetzeko aukerak eta gaindimentsionamenduak ebaluatuz. Hala, programaren lehenengo helburua eskualdeko udal zerbitzu publikoen egoeraren diagnostikoa egitea izango da, lan hori tokiko eragile publiko zein pribatuek emandako informaziotik abiatuta.
Aldundikoek azaldu dutenaren arabera, programak “eskualdearen aldaketarako borondateen katalizatzaile modura” jardungo du, “udalerrien eta tokiko eragileen arteko adostasuna sustatuz herritarren beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzeko eta eskura dauden baliabideak optimizatzeko”. Ondorioz, programan identifikatutakoa ezartzeko adostutako ekintza plana prestatuko dute, zerbitzu publikoak hobetzeko lehentasunezko proiektuak ezarriko dituena.
Programak tokiko eragileak mobilizatu gura ditu —udal errealitatea zuzenean ezagutzen dutenak—, erronkak elkarregaz identifikatzeko eta erantzun egokia emateko ekintzak sustatzeko. Ondorioz, jakinarazi dutenez, eskualdeko hamabi udalerriek eta bi mankomunitateek “zeregin garrantzitsua” izango dute proiektuaren ezarpenean.
Busturialdean ere bai.
Orain arte programa hiru eskualdetan garatu da: Arratian, Mungialdean eta Busturialdean. Azken horretan, programaren plan betearazlea osatzen duten sei proiekturi eman diete lehentasuna. Horiek eskualdeko garraio publikoa hobetzean, udalaz gaindiko egitura bakarra sortzean eta udal zerbitzu publikoak optimizatzean oinarritzen dira, eta, era berean, gazteek etxebizitzari dagokionez duten egoera aztertzea, proiektu iraunkorrak eta energia berriztagarriak bultzatzea, herritarrak hiri hondakinen kudeaketaren inguruan sentsibilizatzea eta horiek murrizteko ekintzak sustatzea lehenetsi dute.