Ispasterko elkartegiak bi eraikin izango ditu
Basokoetxe industrialdean kokatuko da enpresa-egoitza berria, "jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta lurralde-oreka indartzeko" foru-estrategiaren parte dena. Enpresa interesdunek urtarrilaren amaierara arte aurkez ditzakete eskaintzak.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Ispasterko Basokoetxe industrialdean kokatuko den Ispasterko elkartegiak bi eraikin izango ditu, eta, erdian bide bat, multzoa antolatu eta artikulatzeko. Zehaztasunak eman dituzte, izan ere, elkartegia eraikitzeko proiektuak beste pauso bat eman du: Azpiegiturak foru entitate publikoaren bitartez lizitaziora atera dute elkartegia eraikitzeko obra, 4.515.572,75 eurotan. Jakinarazi dutenez, lurralde historiko osoan jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta lurralde oreka indartzeko foru estrategiaren barruan kokatutako proiektua da. Hala, obrak egiteko interesa duten eraikuntza enpresek hilabete amaierara arteko epea dute dokumentazio teknikoa aztertzeko eta eskaintzak aurkezteko.
Bi eraikin horietako bat industria jarduerara bideratuko dute, eta bestea, hirugarren sektorera. Hala, industria eraikinaren azalera eraikia 2.879,81 metroko karratukoa izango da, espazio gardenekoa, eta barnean sektoreka nabe txikiagoetan antolatzeko aukera eskainiko die enpresa erabiltzaileei, euren beharraren arabera. Bestalde, hirugarren sektoreari eragiten dion eraikina, 1.143,91 metro karratukoa izango da, enpresa bulego eta zerbitzuetara bideratutakoa.
Hala, elkartegiak bulego moduluak eta industria moduluak izango ditu, alokairu erregimen hutsean eta erosteko aukera ematen duen alokairu erregimenean, “ekimen ekintzaileentzat eta hazkundean dauden enpresentzat”. Aldundiko ordezkariek esan dutenaren arabera, gune horiek erraztasunak emango dituzte “proiektu berriak ezartzeko, lehendik dauden jarduerak areagotzeko eta kalitateko enplegua sortzeko”.
Ispasterko enpresa gune berri hori Azpiegiturak foru entitateak kudeatutako elkartegien sarearen parte izango da, eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailaren mendekoa, “Bizkaiko enpresa ehunerako sostengu tresna modura”. Gogoratu dutenez, elkartegien helburua da enpresa ekimenetarako gune “eskuragarriak eta malguak” eskaintzea, kasu honetan, Lea-Artibaiko eskualdearen garapen jasangarria eta orekatua lortzen laguntzeko.