KLIK Mutriku komunitate energetikoaren aurkezpenak harrera ona izan du herrian
Zabiel kultur etxean egindako hitzaldian herritar ugarik parte hartu zuten, eta bazkide egiteko izen-ematea urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik
KLIK Mutriku komunitate energetikoaren aurkezpena. Mutrikuko Udala. Abenduan KLIK Mutriku komunitate energetikoaren aurkezpen hitzaldia egin zen Zabiel kultur etxean, eta herritar ugari bertaratu ziren egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko. Antolatzaileen arabera, mutrikuarrek interes handia erakutsi dute komunitate energetikoan parte hartzeko aukeran, besteak beste, energia gutxiago eta modu eraginkorragoan kontsumitzeko, argindar fakturak murrizteko eta herrian instalatuko diren plaka fotovoltaikoetatik energia kontsumitzeko. Hala, Komunitate Energetikoan bazkide egiteko izen-ematea zabaldu zuten aurkezpenean, eta urtarrilaren 17an amaituko da epea: “Izena turismo bulegoan edo online bidez zabaldutako formularioan eman daiteke”.
Hitzaldian, KLIK Mutrikuk martxan jarri dituen hainbat ekimen aurkeztu zituzten taldeko kideek. Horien artean, Anaiarte biltokian eskaintzen den zerbitzua nabarmendu zuten, herritarrei argindar fakturak ulertzen eta horiek merkatzen laguntzeko helburuarekin. Zerbitzu hori jubilatuei eta kooperatibako bazkideei eskaintzeko asmoa dutela azaldu zuten, energia kontsumoa murriztea lehen helburu gisa hartuta, inbertsio handiak egin aurretik.
Bestelako proiektuak. Energia-sorkuntzari dagokionez, lehen instalazio fotovoltaikoa ikastolako beheko jolaslekuko estalkian jarriko da, 40 kilowatteko potentziarekin. Proiektu horri 100 bazkide kontsumitzaile atxikitzea aurreikusten da, guztiak instalaziotik bi kilometroko erradioan bizi direnak. “Horrez gain, pobrezia energetikoa pairatzen duten herritarrei laguntzeko helburua beteaz, 10 bazkide egoera zaurgarrian daudenak izango dira, eta plaza horiek udaleko gizarte zerbitzuaren bidez esleituko dira. Gainontzean, eskaerak plazak baino gehiago badira, zozketa bidez erabakiko da zeintzuk kontsumituko duten plaketatik”.
Instalazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du eta udal titulartasunekoa izango da. Datozen egunotan, KLIKeko partaideek udalarekin instalazioaren lagapenerako hitzarmena sinatuko dute. “Hitzarmen hori azaroko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalak, eta udala bera ere komunitate energetikoko bazkide kontsumitzaile izatea erabaki zen”.
KLIK Mutrikutik azaldu dute lehen instalazioa dohainik jarriko den arren, datozen urteetan instalazio gehiago egiteko asmoa dutela, “autokontsumo kolektiboaren bidez, inbertsioa modu partekatuan eginda eta energia soberakinak minimizatzea helburu hartuta”.
Bazkidetzari dagokionez, komunitatea hainbat motatako bazkideek osatu ahal izango dute: pertsona fisikoek, erakunde publikoek, irabazi asmorik gabeko erakundeek eta irabazi asmodunek. Bazkide bakoitzak hasierako ekarpen bat egin beharko du, izaeraren arabera ezarritakoa, eta urteko kuota bat ordaindu beharko du. Taldeko ordezkariek azaldu dutenez, urtarrilaren 17ra arte dago bazkide egiteko aukera.