Kolore berdeko erregeek azken tantoan magia egin dute
Alex Goitiak eta Unai Lekerikak Eusko Label Winter Seriesko finalerdien ligaxkaren lehen jardunaldia irabazi dute, Eñaut Urreisti eta Imanol Lopez hirugarren setaren azken tantoan menperatuta.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Alex Goitia markina-xemeindarrak eta Unai Lekerika gernika-lumotarrak Eusko Label Winter Series txapelketa poltsikoratzeko balentriak egiten jarraitzen dute. Jai Alaiko errezeta pil-pilean dago, finalaurrekoen ligaxkan bete-betean sartuta, eta bikote horrek azkenburukoraino iristea du jomuga. Atzo [urtarrilak 5], zesta-puntaren katedralaren harmailak beste behin lepo bete zituzten ikusleen aurrean, hiru barik, bi izan ziren magia egin zuten erregeak.
Azken setak kolore denetako uneak eduki zituen. Hori orduko, partiduaren lehen jokoak tentsioz beterikoak izan ziren. Eñaut Urreisti mutrikuar gazteak eta Imanol Lopez zumaiar beteranoak osatutako bikote horia errebeskadaz min egiteko asmoz kantxaratu zen; Lekerika erraldoi bat topatu zuten aurrez aurre. Etxeko atzelariak sendotasun itzela bistaratu zuen, partidua hasi eta bukatu; bere defentsa gogorra gako izan zen, horien hutsegiteak eragiterakoan. Bana, bina, hiruna, launa, seina eta zazpina berdindu ondoren, tanto bakarragatik aurrea hartuta —8 eta 7— ailegatu ziren gipuzkoarrak atsedenaldira.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Eten haren ondoren, aurrelarien jokoa abiatu zen. Hala Goitiak, nola Urreistik oilar joko polita opari egin zieten jarraitzaileei: sake-errestoan, saihetsetik barrura, txapa gainekoak eroanez, horma bitara edota dejadaz. 13 eta 14koan, Lekerikak jaurtitako pilotakadak ezker horma ukitu zuen, eta zabaldu egin zen; Urreistik ezin izan zuen errebote hura eraman, eta lehen setak berdeen aldera jo zuen: 13 eta 15.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren setaren hasiera ere, aldapa gora ipini zitzaien horientzat. 2 eta 5 aurreratu zitzaizkien Goitia eta Lekerika, baina, apurka-apurka, Urreistik eta Lopezek asmatu zuten partiduaren abestian beren tempoa topatzen. Konpasez konpas, seigarren kartoian norgehiagoka berdindu zuten; jarraian, zazpina eta zortzina egotera ere iritsi ziren. Mutrikuarrak trebetasuna kantxaratu zuen, pilotak Goitiaren eta Lekerikaren artera bidaltzerakoan, baita jokaldiak biribiltzerakoan ere. Markina-xemeindarra, baina, ez zen kamustu, eta sendo agertu zen aurrealdean. Edozelan ere, bikote berdeak lau akats egin zituen erreskadan, eta horiek 14 eta 9raino egin zuten ihesaldia. Urreistiren horma biko artelan batek berdinketa hausterako bidea zabaldu zien, 15 eta 14 gailenduta.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Hirugarren setean, Urreistik eta Lopezek olatuaren gandorrari eutsi zioten, hiru tanto eginez. Lekerikak aldeak murriztu zituen, Urreistiren zorigaiztoaren atariko: mutrikuarrari zestaren uztaia eta aroa puskatu zitzaizkion, eta erraminta aldatu behar izan zuen. Dena dela, bere bikotekideak 4 eta 1ekoa lortu zuen, neurketa bideratuta utziz. Gernika-lumotarraren eskumakada irmo batek 4 eta 2koa ekarri zuen, eta, ostean, Urreistik huts bi egin zituen jarraian. 4 eta 4koarekin, bikote biek ala biek kale edo bale egin beharra zuten. Testuinguru hartan, berdeek odol hotzagoa kantxaratu zuten, eta Urreistiri pilota ezker horma gora joan zitzaion. Hori bai, horiek jokaldia Zalantzen Txokoan berrikuskatzeko eskatu zuten.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Tanto bakarrean, jokaldi bi aztertu behar izan zituzten epaileek: Lekerikaren bote edo jagia, batetik; Urreistik xisterarekin pilota ukitu ote zuen ala ez erabakitzekoa, bestetik. Bideo arbitrajearen arduradunek Urreistiren zestak pilota ukitu zuela erabaki zuten, eta tantoa berdeen aldera joan zen. Horiak ez ziren pozarren agertu, baina epaileen eduki zuten azken berba. Garaipenak hiru puntuko uzta eman zien berdeei, eta bakarra, berriz, horiei. Datorren astelehenean [urtarrilak 12], finalerdien ligaxkaren bigarren jardunaldia jokatuko dute: Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Thibault Basque bidartarrak Johan eta Gorka Sorozabal anaia miarriztarrak edukiko dituzte aurrez aurre.
Alex Goitia: “Eñautek esan digu kantxan entzun dugun zarata hark horma jotzearen ondoriozkoa izan dela, baina nik uste pilota ere ukitu duela”