Mendibarren, emakumezkoen zesta-punta sasoi hasierako Bombonera
Barikuko [urtarrilak 9] Berriatuko Master Seriesaren finalak denetarik bilduko du: neba-arreba zein ahizpa arteko finala, beteranoen suspertzea, iazko txapeldunen grina eta beste lehia batzuetan arerio diren pilotariak, bikote berean bilduta.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Emakumezkoen Jai Alai Ligaren estreinako geltokia da Berriatuko Master Seriesa. Eta ez da edozelako geralekua. Mendibarren frontoia Bombonera izaten ari da txapelketari ekin ziotenez geroztik —harmailak sutan, pilotariak lehia betean eta giro aparta—, eta barikuko [urtarrilak 9] final handiek ere gogoangarriak izateko aurreikuspena due. Iazko txapeldunek, Ihart Arakistain sopeloztarrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak, Lur Lejardi markina-xemeindarra eta Maia Goikoetxea berriatuarra izango dituzte aurrez aurre. Gizonezkoen finalean, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Aratz Goikoetxea berriatuarra Eñaut Urreisti mutrikuarraren eta Unai Lekerika gernika-lumotarraren aurka ariko dira.
Lehiaketako azken saioa, horrenbestez, jardunaldi fratrizida izango da: alde batetik, Lur eta Arai ahizpek elkarren aurka jokatu beharko dute; bestetik, Maia eta Aratz Goikoetxea tokiko neba-arrebek ere jokatuko dute, nork bere finalean. Aratz gazteak Erkiaga maisua izango du aldamenean; ispastertar magoa bolada txar bat atzean utzi guran iritsiko da finalera, sentsazio onen olatura igo guran. Urreistik eta Lekerikak, beren aldetik, Eusko Label Winter Seriesen elkarren aurka jokatu ondoren bikotea osatuz helduko diote Mendibarreneko azken borrokari.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Finalaurrekoen lehen jardunaldian, Arakistainek eta Arai Lejardik Erika Mugartegi eta Alize Arriaga markina-xemeindarren aurka neurtu zituzten indarrak. Mugartegi jokotik aldentzea bilatu zuten iazko txapelen defendatzaileek, Berriatuko kantxa beren jokora “bikain egokitzen dela” probestuz. Goraipatzekoa izan zen Arriaga gazteak atzealdeko koadroetan erakutsitako piloteoa, baita Mugartegiren eskarmentua ere. Edozelan ere, sopeloztarrak eta markina-xemeindarrak 2 eta 0 lortu zuen garaipena: 11 eta 15, lehen setean; 8 eta 15, bigarrenean. Gizonezkoen finalerdian, Erkiagak eta Goikoetxeak Alex Goitiaren eta Julen Del Rioren aurka jokatu zuten. Lehen setean, markina-xemeindarrak eta gasteiztarrak estu hartu zituzten arerioak, baina ispastertar beteranoak, herriko puntista gazteagaz batera, seta aurrera atera zuten: 13 eta 15. Bigarrenean, zertxobait erosoagoa aritu ziren, markagailua haren ispilu: 8 eta 15.
Finalerdien bigarren borrokaldian, Lur Lejardik eta Goikoetxeak izen handiko aurkariak menpean hartu zituzten: Elaia Gogenola berriatuarra eta Eneritz Lizardi mutrikuarra. Gogoratzeko moduko setak oparitu zizkieten zesta-puntaren jarraitzaileei; lehen bikoteak lehenengo seta 15 eta 14ko estuagaz patrikaratu zuen, eta bigarrena, ostera, 15 eta 12koagaz. Gizonezkoen lehian, Urreistik eta Lekerikak 2 eta 0eko garaipena (12-15 eta 10-15) lortu zuten garaipena Xabier Barandika gernika-lumotarraren eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarraren kontra. Garaileek sobera frogatu zuten Mendibarrenen zein Jai Alain —lehenak 47 metroko luzera du, eta bigarrenak 57koa— goi mailan aritzeko gai direla, bestelako material, egoera eta testuinguruan jokatuta ere.