Odola emateko lau aukera egongo dira eskualdean, urtarrilean
Odola emateko autobusak lau egunetan egingo du geldialdia Lea-Artibain, bitan Ondarroan eta egun bakarrean Lekeition eta Markina-Xemeinen.
Urtea hasteko odola emateko hainbat aukera egongo dira eskualdean, urtarrilean. Euskadiko Odol Emaileen elkarteak lau hitzordu zehaztu ditu Lea-Artibaiko biztanleek odola emateko aukera eskutik-eskura eduki dezaten. Hala, odola emateko autobusak bi egunetan egingo du geldialdia Ondarroan, eta egun bana egingo ditu Lekeition eta Markina-Xemeinen.
Barikuan (urtarrilak 9) eta zapatuan (urtarrilak 10) egingo ditu geldialdiak autobusak Ondarroako Itsas aurre pasealekuan, barikuan 17:00etatik 20:15era bitartean, eta zapatuan 10:00etatik 13:15era arteko ordutegian.
Markina-Xemeini dagokionez, urtarrilaren 14an egongo da odola emateko aukera plazan, 16:45etik 20:30era bitartean.
Bestalde, Lekeitiora urtarrilaren 16an helduko da autobusa, eta 10:00etatik 13:15era zein 17:00etatik 20:15era arteko ordutegian egongo da, Independentzia plazan.
Euskadiko Odol Emaileen elkarteak jakitera eman duenez, AB- odol motaren beharra dute gehien, eta horiek odola ematea “premiazkoa” dela esan dute. Odolkideak taldeko kideek odola ematera deitu dituzte herritarrak, “beharrezkoa eta segurua” delako.