Lau antzerki labur hartuko ditu Lekeitioko Ikusgarri zine aretoak
'Laburtxuak' antzerki laburren emanaldia egongo da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan, otsailaren 6an. Sarrerak salgai daude jada.
Publikoa barrez lehertzeko helburuagaz, Laburtxuak antzerki laburren emanaldia antolatu du Lekeitioko Udalak otsailaren 6rako. Lau antzerki labur eskainiko dituzte zazpi antzezlek Ikusgarri zine aretoan, 20:00etan. Sarrerak salgai daude Zerbyte dendan eta Ikusgarriren webgunean,12 eurotan. Gainera, egunean bertan, leihatilan ere erosi ahalko dira.
Guztira, lau antzezlan ikusteko aukera egongo da Ikusgarrin, eta zazpi antzezletik bost Lea-Artibai eskualdekoak izango dira: Ana Goitia, Iratxe Urkiaga, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia eta Ugaitz Alegria.
Ana Goitiak bere bakarrizketa eskainiko die herritarrei, umorea eta kritika soziala oinarrian, publikoari barre algarak eragiteko prest dago lekeitiarra.
Iratxe Urkiagak eta Karmele Larrinagak (Des) kontrolatuta pieza antzeztuko dute; egunerokotasunean onartuta dauden egoeren aurrean hausnartuz: “Sentitzen dugun horri izena ipini eta espazioa emango diogu, genero indarkeriaren aurrean sentsibilizazioa sustatu nahi dugu”.
Hil da jainkosa antzezlana izango da hirugarrena, eta Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia izango dira oholtzara igoko diren antzezleak. Etxebarriak Gartziaren hileta aurkeztuko du antzerkian, eta barre eta hausnarketa artean, bi ondarrutarrek tradizioak zalantzan jarriko dituzte. Azkenean, gure ondareagaz “gehiegi obsesionatuta” ote gauden galdetuko diote haien buruari: “Hiletei pisua eman eta kentzeko eta naturaltasunez hartzeko helburuarekin sortu genuen Hil da jainkosa. Gero, jakina, gai sakonak ere badaude, eta kritikak ere bai. Bakoitzaren nartzisismoari buruz ere hitz egiten dugu”. Kritika sozialetik ere badauka antzezlanak: “Kritika bat ere bada, gaur egun, dena modu makro batean egin nahi dugula mahaigainean jartzeko. Denok nahi dugu ezkontza, hileta, edo urte egun perfektua, eta kontrolpean duguna. Beraz, hori ere kritikatu nahi izan dugu”.
Getari Etxegaraik eta Ugaitz Alegriak emango diote amaiera Laburtxuak emanaldiari, Destiny driver antzezlanagaz. Zeinek daki konpainiaren pieza da, Markos Goikoleak idatzitakoa, eta Olatz Ganboak zuzendutakoa. XXII. mendeko bi pertsonen arteko zita baten antzezlana da.