Salbuespeneko espetxe-politikak gehiago ez luzatzea eskatuko dute
Beste urte batez, euskal presoek pairatzen dituzten salbuespenezko espetxe politikak salatzeko manifestazio nazionala deitu du Sare Herritarrak. Zapaturako [urtarrilak 10] dute jarrita hitzordua, 17:00etan, Bilboko Casillan, 'Ezin da gehiago luzatu' lelopean.
Sare Herritarrak iazko urtarrilean Bilbon deitutako manifestazioa.Sare Herritarra Konponbidea, bidea eta elkarbizitza helburu, euskal preso, erbesteratu eta deportatuen auzia lehen lerrora eramango du Sare Herritarrak zapatuan [urtarrilak 10], urteroko urtarrileko manifestazio nazionalarekin. Eremu politikoan, judizialean eta espetxeko tratamenduak salbuespen neurriak indarrean jarraitzen dutela eta, Bilboko kaleak euskal presoei aplikatzen zaien “eskubideen urraketaren amaieraren aldeko aldarrikapen demokratikoz” beteko dituzte, orain arte lortutako aurrerapausoei aitorpena egiteagaz batera. Hala, presoentzat “espetxe politika arrunta” eta iheslari eta deportatuen itzulera eskatzeko, eta “bakarka eta kolektiboki eragiten diguten egoera bidegabeak” etetea aldarrikatuko dute. Egun guztiko egitaraua ondu dute etzirako, Ezin da gehiago luzatu lelopean. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da, Casillatik.
“Zuzenbide estatu batean eskubideak, definizioz, ezin dira urratu eta, urratzen badira, salaketa egin eta babestu behar dira. Eskubideak defendatzea betebehar zibikoa da”, aldarrikatu zuten Sareko kideek manifestazioaren aurkezpenean. Elkarbizitzak, memoriak, errespetuak eta etorkizun partekatuak “ahalegin anitza” eskatzen duela onartu dute, non ideologia ezberdinetako pertsonek giza eskubideen defentsari lehentasuna emango dioten: “Eskubide guztiak pertsona guztientzat”.
“Denon zeregina da gizarte berri bat eraikitzea: justuagoa, libreagoa eta guztiz humanoa”
Euskal Herriak hainbat hamarkadaz konfrontazio, indarkeria eta sufrimenduz markatutako “bide luze eta mingarria” egin duela azpimarratu dute, urte luzez elkarbizitza “apurtuta” egon delako. Horregatik. Saretik pertsonen eskubideen errespetuan oinarritutako, eta herritarren erabakien arabera egokituz joango den “elkarbizitza normalizatua” eraikitzeko ahaleginetan dihardutela nabarmendu dute: “Denon zeregina da gizarte berri bat eraikitzea: justuagoa, libreagoa eta guztiz humanoa. Etorkizun komun hori iraganaren eta orainaren begirada zintzo batetik baino ez da posible”.
Biktima ororen minak anbiguotasunik gabeko errespetu eta aitortza merezi dutela aldarrikatuta, oinazea “ezin dela erlatibizatu ezta interes faltsuengatik politikoki instrumentalizatu” agertu dute: “Biktima kategoria ezberdinak defendatzen dituztenen aurka gaude. Ez dago lehen edo bigarren mailako biktimarik; errespetuak eta aitortzak berdinak izan behar dute guztientzat. Inork ez du zilegitasunik biktima baten minaren intentsitatea min horren eragilearen arabera neurtzeko”. Hala, aitortza hori Euskal Herrian jasandako “indarkeria desberdinen biktimengana” iritsi behar dela azpimarratu dute, “oinarrizko giza eskubideak urratu zituzten torturak, jazarpen bidegabeak edo legez kontrako ekintzak sufritu zituztenak barne”. Zehaztu dutenez, testuinguruak ezberdinak izan badaitezke ere, zauri guztien atzean arrazoi bera dago: “Giza duintasunaren urraketa”.

‘Behin betiko’ lelopean egin zuten iazko manifestazioa
Sarekoen ustez, benetan demokratikoa eta heldua izan nahi duen gizarteak ezin die, “salbuespenezko lege eta zigor- eta espetxe-neurriak aplikatuz”, beraien bizitza berregin gura dutenei, ezta gaur oraindik preso edo erbesteratuta jarraitzen duen pertsonen eskubideei bizkarra eman: “Pertsona horien eskubideak errespetatzen badira, gizartera itzultzeko eskubidea barne, hau da, birgizarteratzeko eta haien bizitzak normalizatzeko eskubidea, betiere berriz ez errepikatzeko konpromisoa hartuta eta beraiek egindakoagatik sufritu zuten eta sufritzen duten pertsonekiko begirunezko jarrera zintzoa izanik, batzen gaituzten balioak indartsuagoak izango dira: justizia eta gizatasuna, alegia”.
Birgizarteratzea, helburu. Espetxe politikek zuzenbide estatua eta zigorraren birgizarteratze helburua urratzen duen salbuespenik izan beharko ez luketela aldarrikatuko dute Bilboko kaleetan etzi, izan ere, politika horiek “legezkotasun-, berdintasun- eta giza duintasun printzipioak bete behar dituzte”. Gizarteratzeko espetxe sistema demokratikoa “zigorrean soilik oinarritu behar ez dela” oihuztatuko dute, bete beharko liratekeen bi oinarriak plazaratuz: giza eskubideen errespetua eta preso, deportatu eta erbesteratuek gizartean berriro integratzeko aukera izatea. Izan ere, espetxe legediak kartzelako egonaldiaz bestelako modu batzuk ahalbidetzen ditu zigorrak betetzeko: “Espetxea ez da sufrimendua luzatzeko tokia izan behar, erreparaziorako eta askatasunean bizitzara erantzukizunez itzultzeko bideak eraikitzeko espazioa baizik”.
“Elkarbizitzak ez du esan nahi ahaztu behar denik, ezta egiari uko egin behar zaionik ere”
ETAren desagerpenetik ia 15 urte igaro direnean, gaur gaurkoz zigorra betetzen jarraitzen dutenen gizarteratzearen aldeko egitea “gizarte humanoago eta kohesionatu baten aldeko apustua” egitea da: “Elkarbizitzak ez du esan nahi ahaztu behar denik, ezta egiari uko egin behar zaionik ere. Ez da, halaber, memoria guztiak berdintzea edo erantzukizunak desagertzea”. Manifestazioko deitzaileentzat gertatutakoa aitortzea eta bakoitzak dagokion erantzukizuna hartzea “beharrezkoa” da, eta bide horretan hainbat eragile, norbanako eta instituziok aurrerapausoak eman dituztela onartu dute: “Aitortza da aurrera egiteko, konfiantza areagotzeko eta enpatia sortzeko bide bakarra”.
Elkarbizitza dute xede, eta hori “elkarri erresuminik gabe eta mendeku asmorik gabe begiratzen ikasiz” lor daitekeela defendatzen dute: “Elkarbizitza memoriari eustea da, arma bihurtu gabe. Kontakizunen aniztasuna onartzea da, balio demokratikoei eta biktima guztien duintasunari uko egin gabe”. Horien hitzetan, elkarbizitza horrela ulertzeak iritzi eta sentimenduen elkartrukea handitzen lagun dezake, “guztion mesedetan”.
“Elkarbizitza memoriari eustea da, arma bihurtu gabe”
Euskal Herrian elkarbizitza “aurrera egiteko borondate partekatuaren emaitza” izango dela zehaztu dute, harresiak zeuden tokian zubiak eraikiz eta aurretik zeuden korapilok askatuz, “bestea aitortuz, norbera izateari utzi gabe”. Zeregin horretan gizarte guztiak zeresana duela eta, lan horretan parte hartzera gonbidatu dituzte herritar guztiak, “gure gizartearen etorkizuna ezin baita izan indarkeriaren ausentzia soilik, baizik eta enpatiaren, justiziaren eta elkartasunaren presentzia aktiboa”.
“Ezin da gehiago itxaron, egunak joan eta egunak etorri jarraitzen dugulako sufrimendua eta eskubide-urraketak pilatzen”
Ezin da gehiago itxaron. Euskal presoen salbuespen egoera gehiago luzatu ezin dela, eta “ezin dela gehiago itxaron” ozen aldarrikatuko dute Bilbora bertaratzen direnek: “Ezin da gehiago itxaron, egunak joan eta egunak etorri jarraitzen dugulako sufrimendua eta eskubide-urraketak pilatzen”.
Halaber, gogoratu dute ia hiru urte igaro direla “hainbeste sufrimendu” eragin zuen urruntze-politikari amaiera eman zitzaionetik, hiru urte, espetxe zigorrak isolamendu-ziegetan betetzeari utzi zitzaionetik. Horregatik, etorkizun hurbilari baikor begiratzen diete sarekideek: “Litekeena da 2026. urte hau bide luze baten azken txanpa izatea eta itxaropenezko etorkizuna ikusten hastea. Horregatik, aurten ere euskal gizarteari dei egin diogu manifestazio honetan parte har dezan”.
Era berean, Saretik “amaierako konponbide-esparru baten alde” lanean jarraituko dutela argitu dute, zeinetan, espetxe politika arruntak ezarriz, “euskal preso guztiek askatasuna berreskuratuko duten eta, libre direla, bizitza berri bat hasteko aukera izango duten”.
Beste urte batez jendetsua aurreikusten den manifestazioan “etorkizun partekatu baten aldeko apustua” egingo dutela berretsi dute, Euskal Herriak urteetan jasan duen iraganaz bestelakoa izan dadin: “Hori da modu bakarra datozen belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko”.