Xemeingo Ahotsak musika zikloarekin emango diote hasiera Xemein Abesbatzaren 50. urteurrenari
Zapatuan [urtarrilak 10] Oskarbiren kontzertuarekin hasiko dute zikloa eta martxoan amaituko dute, Kantika koralarekin; sarrerak salgai daude. 2026an, besteren artean, Xemeingo Gaua, Xemeingo Eguna eta erakusketa bat antolatuko dituzte.
Joan den zapatuan [urtarrilak 3] eman zieten hasiera 50. urteurrenari.Xemein Abesbatza. 1976an sortu zenetik, ez du etenik izan. 50 urte betetzen ditu aurten Xemein Abesbatzak, eta goi-goitik ospatzeko asmoz, egitarau bete-betea antolatu dute 2026rako. Joan den zapatuan [urtarrilak 3] eman zieten hasiera urteurrenari, kantu poteoagaz, eta datozen hiru hilabeteetan Xemeingo Ahotsak ziklo koralagaz gozatzeko aukera egongo da.
Mireia Ibarzabal Xemein Abesbatzako lehendakariak azaldu duenez, lau zapatu hartuko ditu Xemeingo Ahotsak zikloak, eta kontzertu denak Xemeingo elizan izango dira, 19:30ean. Zikloa Oskarbi taldeak zabalduko du etzi [urtarrilak 10], eta Xemein Abesbatzak ere parte hartuko du: “Oskarbi Ez Dok Amairurekin hasi zen 60ko hamarkadan. Lehenengo eurek abestuko dute, eta gero batera abestuko ditugu abesti batzuk”. Urtarrilaren 24an, ostera, Suhar Koruaren txanda izango da: “Gizonezkoen korua da, eta duela urte batzuk hasi ziren. Esteban Urzelai da zuzendaria, eta Tolosako lehiaketa irabazi zuten 2023; oso arraroa da euskal talde batek irabaztea, ze, lehiaketa garrantzitsua da eta kanpoko abeslari asko etortzen dira”. Otsailaren 14an, ostera, Bilboko Koralak abestuko du eta martxoaren 14an, Kantika koralak: “Bilboko Korala kontzertu berezi bat prestatzen ari da egun horretarako, eta Kantika korala umeen ahotsek osatzen dute”.
Ibarzabalek adierazi duenez, helburua ahots desberdinak bistaratu eta herritarrei bertatik bertara entzuteko aukera ematea da: “Guk herrian jada nahikotxotan abesten dugunez, herritarrei koru desberdinak entzuteko aukera eman nahi izan diegu, eta horregatik ekarri ditugu mota desberdinetako ahotsak: euskal musikagintzako talde bat, gizonezkoen koru bat, koru misto bat eta umeen koru bat”. Hala, sarrerak salgai daude 10 euroren truke Taten, Kareaga jostailu dendan eta Ulemotx ileapaindegian, baita Xemein Abesbatzaren sare sozialetan nahiz egunean bertan Xemeingo elizan ere.
Urteurrenaren harira, bestelako ekintzak ere prestatu dituzte. Duela urtebete hasi ziren prestakuntza lanetan, eta abesbatza zortzi lantaldetan banatuta ari da lanean, eta, besteak beste, merchandising-a aterako dute (jertseak, kamisetak, poltsak, botilak eta bestelakoak). Era berean, maiatzaren bueltan bidaia bat egingo dute korukideek; urteroko legez, helburua bisitatzen duten tokian kontzertu bat eskaini eta bertako koru batekin harremanak sendotzea izango da.
Gau berezia. Urteko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat Xemeingo Gaua izango da. Uztailean egingo dute, Karmen jaien aurreko zapatu batean. Ibarzabalek azpimarratu duenez, aurtengoa “berezia” izango da: “Bi urtez behin egiten dugu, eta berez iaz tokatzen zen arren, atzeratu egin genuen urteurrenarekin batera izan zedin. Aurten Zelaian egin nahi dugu, eta Abarka antzerki taldearekin ari gara lanean. Abarkako kideek eroango dute ekitaldiaren haria, eta Xemein Abesbatzak azken 50 urteotan esanguratsuak izan diren kantuak abestuko ditu”. Gaineratu duenez, hasieratik abesbatzan egon diren kideekin adostu dute errepertorioa, eta anekdotak eta bizipenak ere izango dira tartean.
Urrian, aldiz, argazki eta bideo erakusketa bat egingo dute, eta urriaren 3an Xemeingo Eguna ospatuko dute: “Lagun ditugun inguruko herrietako abesbatzak gonbidatu ditugu. Lehenengo herriko kaleetan zehar abestuko dugu denok, gero bazkari herrikoia egingo dugu, eta ostean, kalez kale kantuan jarraituko dugu”.
Ibarzabalek aitortu duenez, lan “asko” dute aurretik abesbatzako kideek, baina “ilusio eta gogo askorekin” daude: “Pozik gaude aurten 50 urte betetzen ditugulako, eta gogoz gaude ikusteko ea zelan irteten den dena. Gonbidatuta zaudete denok ekintzetan parte hartzera”.
Xemeingo Ahotsak, 19:30ean, Xemeingo elizan:
- Urtarrilak 10. Oskarbi eta Xemein Abesbatza, euskal musika.
- Urtarrilak 24. Suhar Korua, gizonen abesbatza.
- Otsailak 14. Bilboko Korala, abesbatza mistoa.
- Martxoak 14. Kantika korala, umeen abesbatza.