Zerutxu Dantza Taldeak dantzaz eta ospakizunez beteko du herria taldearen 60. urteurrena ospatzeko
Urtarrilaren 17an dantza solte ikastaroarekin ekingo diete urteurreneko ospakizunei, eta ez dute etenik izango urtea amaitu arte. Besteren artean, otsailaren 28an Markina-Xemeingo dibertimendua egingo dute.
Zerutxu Dantza Taldeko kideetako batzuk, irailaren 8an Markina-Xemeinen ospatu zen Euskal Diasporaren Egunean. Dantza, jaia eta memoria. Hiru osagai horiek oinarritzat hartuz, prest daude Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeko kideak 60. urteurrenari hasiera emateko. 1966an hasi zuten ibilbidea, eta ordutik hamaika izan dira taldetik igarotako dantzariak. Hala, guztiak gogoan hartu eta ospatzeko urtea izango dute aurtengoa.
Urrunera joan barik, urtarrilean emango diote hasiera ospakizunei, dantza solte ikastaro batekin. Saioak urtarrilaren 17an eta 24an, zapatuak, izango dira, Bekobenta eskolako gimnasioan. Azaldu dutenez, egun bakoitzean ordu eta erdiko saioa eskainiko dute, 10:30ean hasita, eta 16 urtetik gorako eta aurretiko ezagutzarik ez dutenei zuzenduta dago; Markina-Xemeingo fandangoa eta arin-arina dantzatzen irakatsiko dute. Izena emateko azken eguna domeka [urtarrilaren 11] izango da, eta zabaldu duten galdetegiaren bitartez egin behar da.
Otsailean, ostera, inauterien atarian joaldunen kalejira egingo dute, otsailaren 14 eguerdian. Otsailari amaiera emateko, aldiz, urteko ekintza berezienetako bat egingo dute: “Herriko eragile batzuekin elkartu gara, eta Markina-Xemeingo dibertimenduak egingo ditugu. Ander Lipus ere ari da antolakuntzan, beste hainbat kiderekin batera, eta uste dugu hau izango dela urteko ekintzarik bereziena”.
Apirilaren 18an herri bazkaria egingo dute, eta arratsaldean musikak girotuko du herria. Dantzarako tarterik ere ez da faltako aurten, izan ere, maiatzaren 23an Umeen Euskal Jaia egingo dute, eta urriaren 17an, Zerutxuko dantzari nagusiek dantza saioa eskainiko dute. Gaineratu dutenez, urtea amaitu aurretik erakusketa bat egitea ere aurreikusten dute, taldearen 60 urteko ibilbidea ikusgai jartzeko.
Zerutxuko dantzariak pozik daude urteurrenari ekin eta antolatutako herriarekin elkarbanatzeko: “Denetarik antolatzen saiatu gara, urte betea dugu aurretik. 60 urtetako ibilbidea erakusteko modurik errazena erakusketa izango da, baina bestelako ekintzekin ere ospatu egin nahi dugu”. Gaineratu dutenez, egutegiak kaleratu dituzte, eta salgai daude Ixaie eta Txispita dendetan, bost euroren truke; egutegian jaso dituzte urteko hitzordu esanguratsuenak.
Urteari ekiteko gogoz. Urteurreneko egitaraua prestatzearekin batera, taldeko kideek adierazi dute 2025a ekintzaz betetako urtea izan dela eurentzat. Dantza taldea osatzen duten 120 dantzariek dantzaldi ugari eskaini dituzte, herrian nahiz kanpoan, eta horien artean egon dira hitzordu esanguratsuak ere. Besteak beste, urtea otsaileko Maskaradekin hasi zuten, eta martxoan Zaragi dantza egin zuten. Inguruko zenbait herritako ekitaldi eta jaietan dantza saioak igaro ostean, irailaren 8an Euskal Diasporaren Egunean aritu ziren dantzariak, eta abenduaren 24an San Roke egoitzan eskainitako dantzaldiagaz amaitu zuten urtea.
Aurten ere, gogoz daude urteroko hitzorduetarako, baina baita berrietarako ere eta 60. urteurreneko ospakizunetarako ere: “Badira urte batzuk pentsatzen hasi ginela ea zer egin genezakeen, baina iaz hasi ginen ideiak jasotzen. Udaren ostean hasi gara zenbait ekintza ixten, eta oso pozik gaude aurretik datorkigun urtearekin. Beteta dator, eta urduri gauden arren, gogoz gaude urteurrena herritarrekin ospatzeko”.