Zinema euskaraz: Lekeitioko ikasleak eskola orduetan euskarazko zinemaz gozatzeko
Herriko haur eta gazteei zinema eukaraz ikusteko aukera emateko asmoz abiatu du Lekeitioko Udalak Tinko Euskara Elkarteagaz elkarlana, Zinema Euskaraz egitasmoaren baitan. Urtarriletik apirilera bitartean egongo da martxan egitasmoa.
Lekeitioko Udalak Tinko Euskara Elkarteagaz bat egin du, herriko ikasleek eskola orduetan euskarazko zinemagaz gozatzeko aukera izan dezaten. Zinema Euskaraz egitasmoa abian jarri dute, eta urtarriletik apirilera bitartean gauzatuko dute. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta institutuko ikasleei zuzendutako eskaintza dela zehaztu du Igotz Espeja Lizarribar zinegotziak.
Tinko Euskara Elkartea euskara zinema aretoetan sarrarazi eta gure hizkuntzaren normalizazioa sustatzeko helburua duen elkartea da, eta 1994. urteaz geroztik jarduten du normalizazio hori lortzeko bidean: «Lekeitioko Udalak euskararen normalizazio horren alde egin nahi du, eta Zinema Euskaraz egitasmoa zabaldu du herrian».
Espejak nabarmendu bezala, «herriko haur eta gazteei zinema euskaraz ikusteko aukera emateko asmoz» abiatu dute Tinko Euskara Elkarteagaz elkarlana: «Udaletik, batez ere, euskarazko zinemaren eskaintza zabala herritarrengana heltzen dela ziurtatu nahi dugu, eta egitasmo honekin helburua lortuko dugula uste dugu». 600 ikasle ingururi eskainiko zaizkie ikus-entzunezkoak euskaraz, «Lekeitioko ikasleria guztiari», alegia.
Gaur egungo haur eta gazteen aisialdia pantailaz beteta dagoela ikusirik, egitasmoak «onura asko» ekarri ditzakeela uste du zinegotziak. «Gazteek pantailetan ikusten duten edukiaren artean, euskararen presentzia nahi baino baxuagoa denez, Zinema Euskaraz egitasmoagaz, ikasleek pantailen erabilera mantenduko dute, baina euskarazko edukia kontsumituz», gaineratu du. Horrez gain, hezkuntza-zentro desberdinetako ikasleak elkarrekin joango dira zinema aretora, eskainitako pelikulak ikustera, eta horrek, «herritarren arteko harremanak estutzeko aukera» ere emango duela azpimarratu dute.
Gauzak horrela, pelikula eta dokumentalen aukeraketarako Tinkok eskaintzen dituen aukerez baliatu direla zehaztu du zinegotziak: «Tinkok badauka publiko ezberdinentzat eskaintza bat. Euskal Herriko beste herri askok egin duten bezala, gu ere horretara batu gara, eta elkarteak egindako eskaintzatik aukeraketa bat egin dugu».
Ikusiko dituztenak. Aukeraketa horrekin jarraituz, adin tarte bakoitzeko bi pelikula ikusiko dituztela azpimarratu du Espejak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek Irati eta Ispiluaren Beste Aldeko Gaztelua filmak ikusiko dituzte, hurrenez hurren.
Lehen Hezkuntzako lehenengo, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek Igelak eta Zapoak eta Robotia filmak ikusiko dituzte; laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoek, aldiz, Bram Barrabas eta Deep Sea. Bestalde, Haur Hezkuntzako ikasleek «iraupen laburragoko filmak» ikusiko dituzte: Ipuin Herriko Berriak eta Zog, Dragoiak eta Heroiak.

Igotz Espeja eta Nerea Gartzia. Argazkia: Lekeitioko Udala