Bittor Txakartegi: "Aulestik alfonbra gorria jarri dit; ez da erakusketa hutsa izan"
Bittor Txakartegi lekeitiarrak bere lehenengo erakusketa jarri du Aulestin: ‘Herrikadak’. Bertan maisu egondako 24 urtetan herriarekin eta herritarrekin egindako harreman estua islatu du Txakartegik bilduma horretan. Aulestiko herriak bueltan eman dio urte luzeetan egindako lana domekan egin zioten "ezusteko" omenaldiagaz.
Bittor Txakartegi Herrikadak erakusketaren lanak azaltzen Bittor Txakartegi lekeitiarra den arren, harreman berezi bezain estua dauka Aulestiko herriarekin. 1987tik 2011ra bitartean Aulestin irakasle izan ondoren, bertan jarri du bere lehenengo erakusketa: Herrikadak. Urte guzti horietako kartelak eta azken urteetako grabatuak bildu ditu, baina, batez ere, herri batekin ehundutako harremanaren arrastoa islatu du erakusketan. Herritarrek erakusketari egindako harrera “berezia” azpimarratu du Txakartegik, eta “eskertuta” agertu da.
Erakusketa egiteko ideia nola sortu zitzaizun?
Egia esan, ez nuen buruan erakusketa egitearen ideiarik. Jendeak askotan esan izan dit ea zergatik ez dudan inoiz egin, baina ez nuen serio pentsatu. Duela gutxi hasi nintzen bueltaka, eta aulestiarrei ideia bota nien. Ia eurek muntatu zidaten erakusketa; hartu zuten eta airean eraman ninduten, kar-kar-kar. Horrek sekulako bultzada eman zidan.
Zergatik aukeratu duzu Aulesti geltoki gisa?
Niretzat oso argi zegoen. Lekeitiarra naiz, baina nire nukleoa Aulesti izan da urte askotan. 24 urtez irakasle izan naiz hemen, eta harreman estu-estua daukat herriarekin. Aulestiarrek Bittor Txakarra deitzen didate, eta horrela abestu zidaten Aulestiko Eskolako azkenengo egunerako egin zidaten bertsoan: Bittor Txakarra Aulestiko lekittarra. Herriarekin zein herritarrekin hartu-eman handia izan dut, eta herriarentzat kartelak, marrazkiak edota horrelako lanak egitea opari bat izan da niretzat. Nire barruko indarra orrian islatzeko aukera eman didate aulestiarrek.
Zergatik Herrikadak?
Aulestiko herriari eskainitako nire harrikadak direlako. Kasualitatez, bi pasarte bitxi gertatu zitzaizkidan erakusketari izena ipini eta berehala. Izena erabaki eta hurrengo egunean, Bilboko Zazpi Katu Gaztetxearen aurretik pasatu nintzen, eta kanpoan Herrikada idatzita zeraman kartel bat zegoen. Ikusi eta segituan atera nion argazkia. Agian, norbaitek pentsatuko du kopiatu egin nuela, kar-kar. Bestalde, Miren Agur Meaberi izena esan nionean, horrela erantzun zidan: «Gabriel Arestiren Herri Harri bezala». Gainera, aurten, bere heriotzaren urteurrena da. Asko poztu ninduen kasualitateak. Oso polita da ikustea gauza bat nola lotu genezakeen beste mila gauzekin, eta Miren Agur Meabe oso ona da horretan.
Zer bildu duzu erakusketan?
Urte hauetan guztietan egindako kartel asko, batez ere Aulestirako egindakoak, baina baita Lekeitioko batzuk ere. Horrez gain, azken hiru urteetan Bilboko La Taller espazioan egindako grabatuak daude. Bi atal ditu erakusketak, eta horrek ere lagundu dit nire ibilbidea hobeto ikusten. Egia esan, oso desordenatua naiz nire lanekin; beraz, ordenatzeko ere balio izan dit erakusketak.
Bittor Txakartegi: Kartelak ikusi, eta bakoitzak bere oroitzapenak ekarri ditu; gauza asko gogoratu ditugu elkarrekin, eta hori oso polita da
Betidanik marraztu izan duzu?
Txikitatik marraztu izan dut niretzat. Adibidez, txikia nintzela, etxeko mahai guztia margotzen nuen egunero, bazkaldu aurretik. Ondoren, amak trapua pasatu, eta hurrengo egunean berriro marrazkiz betetzen nuen. Gero, gaztetan, Lekeition Sustraia aldizkaria sortu zen, eta hor hasi nintzen gauzak egiten. Pixkanaka kartelgintzan sartzen joan naiz. Barruko indar bat beti eduki dut sortzeko, eta jendeak lanak egiteko eskatu didalako zortea izan dut.
Hainbeste urtetako marrazkiak batzeak lan apur bat emango zizun, ezta?
Ziur nengoen lan asko eskatu egin beharko nituela. Hala ere, lanak batzen hasi, eta 20-30 urtez ikusi gabeko lanak aurkitu nituen. Aulestiarrek ere asko lagundu didate, eta udaletxean, eskolan edota liburutegian zeuzkaten lanak ere ekarri dituzte. Segur aski lan asko utzi ditut erakutsi gabe, baina ez dakit non egongo diren, ezta zeintzuk diren ere.
Erakusketa zabaldu duzun egunetan ikasle ohien bisitak ere jasoko zenituen.
Bai, momentu oso politak izan dira. Kartelak ikusi, eta bakoitzak bere oroitzapenak ekarri ditu. Gauza asko gogoratu ditugu elkarrekin, eta hori oso polita da.
Gainera, domekan, erakusketaren azkenengo egunean, «ezusteko» omenaldia egin zizuten.
Hunkituta nagoela esatea ez zait gustatzen, baina hunkituta nago. Hau ez da erakusketa hutsa izan. Aulestik alfonbra gorria jarri dit, alfonbra magikoa. Ez dakit beste inon halakorik topatuko dudan. Eskerrak eman nahi dizkiot Aulestiko herriari; sekulakoa izan da bizitakoa.
Bittor Txakartegi: Nire barruko indarra orrian islatzeko aukera eman didate aulestiarrek
Etorkizunean, erakusketa beste nonbait egiteko asmoa duzu?
Momentuz ez dut ezer pentsatu, baina, agian, etorkizun hurbilean Lekeition errepikatuko dut. Halere, Lekeition jartzeko, erakusketa aldatu egin beharko nuke. Izan ere, herri bakoitzerako egindako lanak ezberdinak dira, eta bakoitzean dagokiona jarri beharko nuke.