Lea Ibarreko Mankomunazgoak bere zerbitzuen berri emateko deialdiak zabaldu ditu
Lea Ibarreko Mankomunazgoaren gizarte langileak herriz herri arituko dira "informazioa, aholkularitza eta sostengua" ematen. Modu horretan, herritarrekin duten harremana sendotzen jarraitu nahi dute.
Lea Ibarreko Mankomunazgoaren Gizarte Zerbitzuek hitzaldiak antolatu dituzte mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietan eskaintzen dituzten prestazio eta zerbitzuen berri emateko. Gizarte Zerbitzuak, zure ondoan. Lea Ibarreko Gizarte Zerbitzuen aurkezpena lelopean jardungo dute Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexan.
Malen Larrañaga Lea Ibarreko gizarte langileak ekimenaren beharra azpimarratu nahi izan du; izan ere, uste dute herritar askok ez dutela zerbitzuen informazio eguneratua eta ez dutela euren eskura dauden baliabideen berri. Beraz, informazio hori emateko egiten dute lan, “herritarren eskubidea baita informatuta egotea”. Administrazio publikoko langile bezala, herritarrentzat lan egiten dutela argi daukate, eta beraz, ezinbestekoa da gizarte zerbitzuetako langileentzat “informazio hori eskura ematea”. Gainera, apustu berri horren bitartez, herritarrei “aurpegia jartzeko aukera bikaina” dela adierazi du Larrañagak.
Lea Ibarreko jende asko landa-eremuean bizi dela gogoratzea garrantzitsua dela adierazi du, eta herri txikiak badira ere, “dispertsio handikoak” direla zehaztu du: “Informazio-orriak etxera bidaltzea beharrezkoa da, baina pauso bat gehiago eman nahi izan dugu ekimen honekin”. Edozein herritarrek behar izanez gero, bere herriko udaletxera edo etxera hurbiltzen dira, “hor daudela jakin dezaten”.
Larrañagaren ustez, bilerak langileentzat ere baliagarriak izango dira, “herritarren ardurak eta galderak zeintzuk diren jakiteko”. Hain zuzen ere, hitzaldian zehar, informazioa jasotzeaz gain, herritarrek galdera eta zalantzak mahaigaineratzeko aukera izango dute.
Zerbitzuak. Lea Ibarreko Mankomunazgoaren zerbitzuen artean daude adineko pertsonentzako eta beraien familientzako bideratutako laguntzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua eta telelaguntza zerbitzua tarteko. Horren barnean, zaintzaileentzako tailerrak egingo dituzte, eta aparkatzeko txartela eskuragarri egongo da behar duenarentzat.
Indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak ere eskaintzen ditu mankomunazgoak, laguntza psikologikoa eta zerbitzu soziojuridikoa barne. Gainera, familia eta adingabeentzako zerbitzu psikosoziala eta elkarbizitza programa ere abian jarri dituzte. Bestalde, herritarren parte-hartzea sustatzeko proiektuak bultzatzen ari dira.
Herritarrei gogorarazi nahi diete herriz herri dabiltzala, “informazioa, aholkularitza eta sostengua” behar duen orori emateko. Modu horretan, herritarrekin duten harremana “indartzeko” konpromisoa berretsi nahi dute.
Hauek dira datozen hitzaldien datak:
-
Munitibar: urtarrilak 22 (eguena), 18:00etan, Udal aretoan.
-
Aulesti: otsailak 5 (eguena), 18:00etan, Udal aretoan.
-
Gizaburuaga: otsailak 19 (eguena), 18:00etan, Udal aretoan.
-
Amoroto: martxoak 8 (domeka), 18:00etan, kultur etxean.
-
Mendexa: martxoak 18 (eguaztena), 17:00etan, udaletxeko ganbaran.