Gauza txikiak eginez herria aldatu daitekeelako
Lekeitio Lagunkoia taldeak Uribarren parkeko loreontzien garbiketa eta jolas-tokiko pintura berritzeko auzolana egingo du, astelehenean, 15:00etatik 18:00etara bitartean.
Lekeitio Lagunkoia taldeak Uribarren parkeko loreontzien garbiketa eta jolas-tokiko pintura berritzeko auzolana egingo du, astelehenean, 15:00etatik 18:00etara bitartean. Hala, auzolanen hastapenak gogoratu dituzte Lagunkoiako kideak: “Beste bi taldegaz elkarlanean hasi genituen auzolanak, duela bi urte: Lekitxo Bedarra eta Denbora Bankua taldeekin, hain zuzen”. Hala nola, Lagunkoi gisa herrian hobetzear dauden ezaugarriak identifikatzen dituztela nabarmendu dute, eta horietan zuzentzen direla, “Lekeitio hobe bat” sortzeko asmoz.
Udalagaz etengabeko koordinazioa dutela azaldu dute, gainera, auzolanok non eta zein modutara egin aukeratzeko: “Alkateak eta brigadako arduradunek esaten dizkugute euren ustetan hobetu behar ditugunak, eta eskari hori gure aukeren artean badago, aurrera eramaten dugu”. Ze, gogoratu dute, Lekeitio Lagunkoia taldeko kideak 60 urtetik gorakoak direla, eta hobekuntza batzuk egiteko gai ez diren arren, “gogo handia” dutela.
Lagunkoiek argi dute: gauza txikiak eginez, herria aldatu daiteke. Herria hobetu. Horri eutsiz jarduten dute duela hamar urte taldea sortu zutenetik, eta azpimarratu dute, herri hobe bat egitearen alde jardutea “oso garrantzitsua” dela eurentzat.
Beste hamaika auzolan burutu izan dituzte orain arte, eta horrela jarraitzeko asmoa dutela zehaztu dute. Oraingoan Uribarren parkean jardungo dute, baina esan dute ez dela lehen aldia: “Aurrerago hasi ginen Uribarren parkeko hobekuntzekin, baina ez genuen bukatu, eta astelehenean jarraituko dugu horrekin”.
Astelehenean “loreontzietan eta jolas-parkeko baranden pinturan” jarriko dute fokua, batik bat; 27 lora-ontzi pintatu, barandak eta jolas-parkeko zutabeak lixatu eta pintatuko dituzte, alegia. Baina, ez hori bakarrik: bakoitzak bere janaria eroaten du, eta auzolana bukatzean denak biltzen dira mokadutxoa jatera. Beraz, animatzeko deia zabaldu nahi izan dute Lekeitio lagunkoia taldetik: “Edozein adineko jendea biltzen gara han normalean, eta oraingoan arratsaldez jarri dugu hitzordua, jendeari errazte aldera. Gure herriko txokoak hobetu, eta aldi berean ondo pasatzeko bilduko gara han”.