‘Arlote Bat’ ikuskizuna zapatuan, Lekeition
Ekain Pailazoak hausnarketa eta umorez beteriko ikuskizuna eskainiko du zapatuan, 17:00etan, Santi Brouard frontoian.
Argazkia: Ekain Ibarguren Herriz herri dabilen Ekain Pailazoa Lekeitiora helduko da zapatuan. Hausnarketa eta umorez beteriko ikuskizuna eskainiko du 17:00etan Santi Brouard frontoian. Bost urtetik gorako txikiei zuzenduta antolatu du ikuskizuna Bixi-Bixi ekimeneko taldeak.
Arlote baten papera egiten du Ekainek, desberdina izateagatik herrian barre egiten dioten gazte batena. Bere izateko modu bakarrari esker, aniztasunaren eta sormenaren bidetik egingo dio aurre egoerari. Bere bizipenak malabareen eta jolasen bitartez kontatuko ditu, umeentzako ikuskizun hau kolorez betez.
Gure Zirkuan egon ondoren, txikienen barre algarak Lekeitiora ekartzeko asmoz dator Ekain. Bertaratzeko, sarrerak 2 eurotan daude salgai Kultur Etxean edo egunean bertan leihatilan.