"Teknika, istorioa eta ezustekoen arteko nahasketa da magia"
Umorean oinarritutako magia gustuko du Oier Juradok (Markina-Xemein, 2001). Berrogeialdiaren garaian hasi, eta egunez eguneko hobekuntzan murgilduta dago gaur egun, Espainiako Txapelketa irabazteko helburuari eutsiz.
Euskal Herriko magiari bultzada emateko asmoz sortu du Oier Juradok beste mago batzuekin batera Txisteratik Elkartea; eta esan duenez, “atzetik datozenei bidea errazteko” helburuari eusten dio elkarteak. Euskal Herriko magia osasuntsu ikusten duen arren, “argi eta garbi” dauka etorkizuna magia gaztean egongo dela, eta horrekiko apustua egitea berebizikotzat dauka. Orain arte egindako bideagaz “pozik” dago, eta aurrerantz jarraitzeko ere “gogotsu” agertu da markina-xemeindarra.
Nola eta noiz erabaki zenuen magoa izan nahi zenuela?
Magoa izatea erabakitzen ez den zerbait dela esango nuke. Dibertsioagatik hasi nintzen magia-jokoak egiten, baina neure buruarentzat edo familiarentzat baino ez nituen egiten. Pixkanaka sartu nintzen mundu horretan, COVID-19aren garaian, hain zuzen, eta horrekin jarraitu dut; joko bezala hasi zena benetan gustatu zitzaidan. Ze, berrogeialdian geundela, oso aspertuta nengoen, eta sarean magia jokoak ikusten hasi nintzen, eta denboragaz, mundu horretan gero eta gehiago sartzen joan nintzen. Gero, normaltasunera bueltatu ginen, eta apur bat aldendu nintzen magiatik, baina 2021ean berriro saiatu nintzen, eta horrela heldu naiz gaur egunera arte.
Zure ustez, zer da magiaren osagai garrantzitsuena: teknika, istorioa ala ezustekoak?
Hirurak; horietariko bakoitza gabe ez dago magiarik, nire ustez. Azken finean, sorpresa oso garrantzitsua da, ze, ikusleak gertatuko dena esperoko balu, magia ez litzateke existituko. Istorioak ere badauka bere garrantzia, eta gero eta gehiago, esango nuke. Gero eta gehiago baloratzen da istorioen originaltasuna magia-zuzenekoetan. Eta zelan ez, teknika; denek ikusten badute jokoa nola egiten duzun, ez du graziarik edukiko. Beraz, nire ustez, teknika, istorioa eta sorpresaren arteko nahasketa bat izango litzateke magia egiteko puntu hoberena.

Nola prestatzen duzu truko berri bat?
Modu asko daude horretarako, eta mago bakoitzak erantzun bat emango lizuke. Esaterako, badago lehenik eta behin istorioan pentsatzen duen jendea, eta gero, horren arabera, jokoa sakontzen duena. Beste batzuek teknika bat oinarritzat hartuta prestatzen dute jokoa. Nire kasuan, denetarik egiten dut, momentuaren arabera.
Eta, zenbat denbora behar izaten da trikimailu bat ondo menderatzeko?
Oso subjektiboa da hori. Nik, adibidez, TikToken ikusi dezaket jokoren baten bideo bat, eta jarraian egin. Baina, joko bategaz errutina bat izateko, edota txapelketa baterako, prestakuntza eta saiakera luzeak egin behar dira guztiz ondo menderatzeko. Ze, joko bat menderatzeak inolako akatsik ez izatea esan nahi du, eta hori lortzeko prozesua oso luzea izan daiteke. Baina uste dut magiaren munduan ez dagoela ezer guztiz menperatuta izan dezakezunik; beti egongo da hobetzeko zerbait. Baina nire ustez, joko bat nahikoa menperatzeko, edo behintzat publiko baten aurrean egiteko, hilabete batzuetako sakontasuna egotea ezinbestekoa da.
Inoiz huts egin al dizu trikimailu batek zuzenean? Zelan ematen zaio buelta horri?
Zoritxarrez, bai. Baten baino gehiagotan, gainera. Adibidez, gogoratzen dut Zaragozan, txapelketa batean egun oso kaskarra izan nuela; dena atera zitzaidan txarto, eta jokoaren teknika guztia erakutsi nuen. Arretxinagan ere gertatu zitzaidan antzeko zerbait, zuzeneko batean. Eta gainera, gehienetan ez dago konpontzerik, txarto irten bada, txarto irten da. Umoretik eta naturaltasunetik aurre egin behar zaio akatsari.
Haurrentzako edo helduentzako egitea gustukoago duzu?
Niri, pertsonalki, familientzako ikuskizunak egitea da gehien gustatzen zaidana. Ze, askok uste dute magia haurrentzat soilik dela, baina ez da horrela. Nagusiei zuzendutako magia ere badago, eta jende askok kontsumitzen du hori.
Zein magok inspiratu zaitu gehien zure ibilbidean?
Bat aipatzea ezinezkoa zait; mago asko izan dira nire inspirazio iturri, esaterako, Juan Tamariz. Mago gehienok izango dugu hau erreferentziatzat, segur aski. Horrez gain, umorean oinarritutako magia gustuko dudan heinean, Jandro, Luis Piedrahita eta Jaime Figeroa ere oso onak iruditzen zaizkit, besteak beste.
Zelako garrantzia dauka emanaldi batean publikoarekin sortzen den harremanak?
Publikoarekin sortzen den harremana dena da zuzeneko batean. Eta, ez bakarrik publikoarentzako; baizik eta magoontzako ere bai. Adibidez, Gabonetan pasatu zitzaidan, bi ikuskizun berdin egin nituela, baina publikoek guztiz desberdin hartu zuten emanaldia; harreman magiko bat sortu zen batean, eta guztiok disfrutatu genuen.
Lea-Artibai eskualdean zehar aritzen zara magia emanaldiak ematen…
Bai, zorionez, hasi nintzenetik, hainbat zuzeneko izan ditut. Markina-Xemeingo auzo desberdinetako jaietan aritu izan naiz sarri, Lekeition eta Berriatuan ere bai, eta oraindik beste hainbeste ditut aurretik datozen hilabeteetan.
Euskal Herrian magoen egoera zelakoa da gaur egun?
Bada, inoiz baino osasuntsuago dagoela esango nuke. Duela bi hilabete magoen lagun talde batek Txisteratik Elkartea sortu genuen. Batez ere, gazteentzako magian oinarrituta dago elkartea, ze, uste dut belaunaldi gaztea nahikoa indartsu datorkigula Euskal Herriko magoen munduan, eta magia gazte hori sustatu behar dela. Mago gazte horiei erraztasuna emateko eta babesa emateko asmoz sortu genuen elkartea, gehienbat; Euskal Herriko magiaren maila Espainiakoaren parean jartzeko asmoz. Bultzada bat emateko asmoz.
Eta, etorkizunean zein erronka edo amets dituzu?
Ametsak asko ditut; adibidez, Munduko txapeldun izatea, baina oso urrun ikusten dudan zerbait da. Espainiako Estatuko txapeldun izatea da finkatuta dudan beste erronka bat, eta hau bai, posible ikusten dut, denboragaz eta lanagaz.