Aieriko Padurak erakundeen "babes eraginkorra" behar duela azpimarratu du Eguzkik
Hezeguneen Munduko Egunaren harira, Ondarroako Aieriko paduran jarri du fokua Eguzki Talde Ekologistak. Itsasertza Babesteko Plana "begi onez" ikusi duen arren, erakundeen "esku-hartze irmoa" falta dela salatu du.
Aieriko padura. Eguzki. Hezeguneen Munduko Eguna [otsailak 2] dela eta, Eguzki Talde Ekologistak erakundeek hezeguneen gainean “hartu beharreko” neurri praktikoen falta salatu du. Izan ere, Itsasertza Babesteko Lurralde Plan Sektorialak, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duenak, Ondarroako Aieriko paduraren garrantzia berretsi du, baita, padura bera, ibaian gora handitzea planteatu ere: “Paperaren gainean natur gune honen balio eta potentzialaren aitortza gero eta handiagoa den arren, praktikan oso degradatua jarraitzen du, erakundeen aldetik ez dagoelako esku-hartze irmorik”.
Itsasertza Babesteko Planak aurreikusi duenaren arabera, klima larrialdiak eragindako itsas mailaren igoeraren ondorioz, datozen urteetan Aieriko paduraren azalera murriztu egin daitekeela azaldu du Eguzkik: “Planak Aieriko padurak ibaian gora nabarmen handitzeko aukera ere badagoela konstatatu du. Horretarako, babes berezikotzat jo du Ondarroak Udalak berriki lurzoru urbanizaezin gisa sailkatu duen eremu bat”.
Eguzkik azaldu du, planak Aieriko padurarako egindako planteamendua kostaldeko gainerako hezeguneetarako egiten duenaren “paradigma” dela: “Itsas mailaren igoerak hezeguneen azalera nabarmen murriztu dezakeela ikusirik, eremu bereziki kalteberatzat jo ditu planak. Zehazki, aurreikusi du gaur egun Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean hezeguneek hartzen duten azalera (guztira, 315 hektarea inguru) %50 eta %75 artean murriztuko dela 2.100erako”. Hala, Eguzkik argitu du, kasurik “txarrenean” hezeguneen azalera guztia 79 hektareakoa baino ez dela izango. Honen aurrean, Itsasertza Babesteko Lurralde Plan Sektorialak neurri ezberdinak proposatu ditu, “galduko den azalera berreskuratzeko”: “Arrazoi ezberdinak tarteko, kasu guztietan azalera berreskuratzeko aukera ez da Aierin bezain argia. Izan ere, gaur egun, padura horrek 1,13 hektarea baino ez ditu, baina, planaren arabera, padura eremu handi bat osatzera ere iritsi daiteke ibaian gora, Artibaiko bi ertzetan”.
Beraz, Hezeguneen Munduko Egunaren atarian, Eguzki talde ekologistak hezeguneen garrantzia azpimarratu du: “Askotan esan dugu, baina ez zaigu batere kostatzen errepikatzea: hezeguneak biodibertsitatearen gordailu, karbonoaren hustubide, eta, oro har, zerbitzu ekosistemikoen hornitzaile aparta izateaz gain, itasoaren gorakadari eta gero eta handiagoa den uholde arriskuari aurre egiteko aliaturik onenak ere badira”. Bide horretatik, Aieriren balioa “goraipatu” dute: “Zorionez, inork ez du dudan jartzen Aieriren balioa, eta oso atzean geratu da bertan 480 etxebizitza eraikitzeko proiektu hura, baina arestian esan bezala, erakundeek jarraitzen dute praktikan esku-hartu gabe, eta bada padura hori leheneratzen hasteko garaia”.