Andraetxeak aurtengo ekintzak prestatzeko bilera deitu du
'Bakarrik edonora ailaga gainke arinago, baina alkarregaz urrunago!' lelopean batuko dira barikuan, Andraetxean, balorazioak eta proposamenak jasotzeko.
Lekeitioko Andraetxeko bazkideak guneari lotutako erabakiak hartzeko elkartuko dira bariku honetan [urtarrilak 31]. Espazio autogestionatua izanik, Andraetxearen beharrak ezagutzeko helburuarekin batu ohi dira 92 kideak, orain arte egindako ekintzen balorazioak egin eta hausnartzeko espazioa sortuz.
Beraz, aurreko urteetako ondorioak kontuan hartu eta etorkizunera begira jarriz, urteko ekintzak eta proposamenak plazaratzeko hitzordua izango da. Amaia Nicholson kideak alkargunearen garrantzia argi ikusten du; izan ere, “espazio fisikoaren beharrei buruzko erabakiak hartzeko, txandak kudeatzeko eta urtean zehar egingo diren formakuntzak antolatzeko” beharrezkoa dela deritzo.
Gainera, proposamen berri bat mahaigaineratu eta abiaraziko dute aurten. “Astean behin espazioa zabalik egotea bermatu” nahi dute, eta horretarako, gunea zabaltzeko txandak kudeatzeko momentua ere hartuko dute. Egun horietan, aurreikusita ez dauden ekintzak edo “momentuko ekintzak” egiteko aukera izaten dute kideek zein Andraetxeko erabiltzaileek.
Iaz egin gabe geratu ziren ekintzak berrartzeko asmoa ere badutela azaldu du Nicholsonek: “Patriarkatua gure gorputzetik ateratzeko formakuntza egin nahi izan zen iaz, baina ez zen argi zehaztu zein gai jorratu nahi ziren, eta, beraz, zehaztu egin behar dugu zein gaik interesatzen edo mugitzen gaituen”.
Emagin elkarteak eskainiko ditu hemendik udara arte egin nahi dituzten bost formakuntza saioak.
Helburuak eta webgunea. Antolatuntzatik adierazi duten bezala, Andraetxearen aurtengo helburua ez da bazkide gehiago erakartzea, baizik eta komunikazio eta informazio aldetik “irisgarriago egitea”. Behar horrek sortutako elkarlanaren emaitza izan da abiarazi duten webgune berria. Bertan, ekintzen egutegia, berriak eta Andraetxea osatzen duten taldeen informazioa aurki daitezke, “irisgarritasun hori posible eginez”.
Gogoratu dutenez, Andraetxearen sorreran, “Lekeitio feminista sortzeko bidean aletxo bat jartzea” izan zen helburua, eta horretarako, emakumeak saretzeko, antolatzeko eta ahalduntzeko espazio bat sortzeko beharra ikusi zuten: “Andraetxean egiten ditugun ekintza guztiak behar horri aurre egiteko ahalegina direla argi geratzen da”.
Bakarrik edonora ailaga gainke arinago, baina alkarregaz urrunago! lelopean zabaldu dute bariku honetako deialdia, eta, hain zuzen ere, edozein emakumeri Andraetxera beldurrik gabe hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete bertako kideek. Ildo beretik, proposamenak egiteko aukera zabalik dagoela adierazi dute: “Gure helburua gure beharrizanetatik Lekeitio feminista bat sortzea da”.