“Giro ederra” izan dute Ziortza-Bolibarko baso-landaketan
Klima larrialdiari aurre egiteko asmoz batu dira hogei bat lagun, zazpi hektarea berreskuratzeko bidean.
Muxo inguruan aritu ziren lanean.Ziortza-Bolibarko Udala Domeka honetan [urtarrilak 25] hasi dira Muxo inguruko basoak berreskuratzeko lanak, inguruaren konektibitate ekologikoa hobetzeko asmoz. Ziortza-Bolibarko Andoni Lariz alkateak eguna oso positiboki baloratu du, eta pozik agertu da taldeak “200 landare inguru” landatu ostean. Bolibarko, Bilboko, Zaldibarko, Gasteizko eta Durangoko 20 lagunek osatutako taldearen lana asko erraztu zuen eguraldiak, “egun polita eta giro ederra” izan baitzuten. Jarduna, ordea, Ziarregio soziedadean mokadu baten ondoren bukatu zuten.
Munitibarrek, Aulestik eta Ziortza-Bolibarrek muga egiten duten tokian, zazpi hektarea baino gehiago erosi ditu Lurgaia Fundazioak, eta herritarrek hauek berreskuratzearen aldeko pausua eman dute bizitzen ari garen klima larrialdi honi aurre egiteko asmoz.