Aulestiko Goikaleko jaietan egingo den tortilla txapelketako izen ematea zabaldu dute
Otsailaren 7an [zapatua] ospatuko da tortilla txapelketa, eta otsailaren 4ra arte [eguaztena] egongo da aukera izena emateko.
Aulestiarrek Goikaleko jaiak ospatuko dituzte otsailaren 7an [zapatua] Aulestiko frontoian. Eguneko ekimen “berezienetakoa” izango da tortilla txapelketa, eta antolatzaileek zabaldu dute jada izen-ematea otsailaren 4ra arte, eguna bera barne. “Data horren barruan izena ematen dutenei antolakuntzak jarriko dizkie patatak, arrautzak eta tipulak. Aldez aurretik izena ematen ez dutenek, egunean bertan izango dute izena emateko aukera, baina ez dituzte bermatuta izango osagaiak”, azaldu dute antolatzaileek.
Izen-emateagaz batera lehiaketako oinarriak eta arauak argitaratu dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez, edonork hartu dezake parte txapelketan, taldeka edo bakarka; izan ere, ez da mugarik egongo parte hartzaileei dagokienez. Hala ere, tortilla gutxienez bost lagunentzat prestatu beharko da, frontoian bertan.
Egunean bertan. Antolatzaileek zehaztu dutenez tortilla prestatzeko eta jateko eserlekuak zein mahaiak frontoian egongo dira. Hala ere, parte hartzaileek eraman beharko dute sukaldatzeko materiala; besteak beste, kanpingasa, gasa, zartagina eta behar duten gainerako materiala.
Tortilla prestatzeko oinarrizko osagaiak patata, arrautza eta olioa izango dira, eta parte hartzaile bakoitzak nahi dituen osagaiak gehitu ahalko dizkio. Sukaldatzeko orduan, janaria prestatuko den lurzorua kartoiz estali beharko dute parte hartzaileek, eta sukaldatze lanak amaitu ostean, erabilitako gunea garbitu beharko da. Kartoiak frontoian egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek.
14:00etan aurkeztu beharko dira tortillak, eta epaimahaiak hiru sari banatuko ditu: lehenengoak 50 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 30 euro, eta hirugarrenak 20 euro. “Epaimahaia antolakuntzatik kanpoko pertsonek osatuko dute. Patata tortilla baloratzeko, kontuan hartuko dira aurkezpena, zaporea eta testura. Nolanahi ere, epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da”, azaldu dute antolatzaileek.