Domekan IX. Bodyboard Txapelketa hartuko du Arrigorrik
Gaur gaurkoz, 20 partaide edukiko ditu txapelketak, eta 12:30ean hasi eta 18:30ean amaituko da.
Iaz ere antolatu zuten txapelketa.Eskilantxarri ur kirol elkartea Bederatzigarren aldiz hartuko du Ondarroako Arrigorri hondartzak IX. Bodyboard Txapelketa. Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteak zapaturako [urtarrilak 31] ipini du hitzordua, eta kirolari nahiz zaleak 12:30ean elkartuko dira Ondarroan.
Eguerdian hasi eta 18:30ak arte luzatuko da txapelketa. Azaldu dutenez, mareengatik baldintzatutako txapelketa izango da, eta beraz, ez dute maila desberdinetan banatuta lehiatuko: “Marea goian dagoenean hartu behar izaten ditugu hemen olatuak, eta beraz, marea goian egon baino 3 ordu lehenago hasi eta sei orduz luzatuko da txapelketa. Ez da denbora asko, beraz, denok elkarrekin lehiatuko dugu”. Hala, gaur gaurkoz 20 kirolarik parte hartuko dute txapelketan.
Bost sari banatuko dituzte guztira, eta horietako bat, berezia izango da: “Olatu onenaren saria izango da sarietako bat. Arrigorriko hondartzan egiten denez txapelketa, Saturrarango hondartzatik harri bat hartu, gorriz margotu eta Eskilantxarriko marrazkia egingo diogu”.
Itsasoari begira. Txapelketa aurrera eroateko behar beharrezkoak dituzte olatu egokiak, eta horrenbestez, “itsasoari begira” daude antolatzaileak: “Zapaturako aurreikusita dagoena jakina, ziur gaude olatuak egongo direla. Hala ere, urduri gaude, ze, Ondarroako hondartzan komeni da itsasoa iparretik etortzea. Zapaturako mendebaldetik dago emanda, beraz, izan daiteke aurreikusten dena baino olatu gutxiago egotea”.
Txapelketagaz batera, jan-edana eta musika ere ez dira faltako, izan ere, txiringitoa zabalduko dute: “Ea jendea etortzen den eta eguraldiak ere laguntzen duen. Txapelketa ikusteaz gain, musika ipiniko dugu eta jateko eta edateko aukera ere egongo da txiringitoan”.