Klik Mutriku Energia Komunitateak argindarra eta gasaren faktura aurrezteko laguntza eskaini die pentsiodunei
Klik Mutriku Energia Komunitateko herritar talde bat "prest" agertu da pentsiodunei argindarra eta gasaren fakturak aurrezteko laguntza emateko, doan.
Joan den urtean hasitako prozesuaren emaitza izan da Klik Mutriku Energia Komunitatearen sorrera. Besteak beste, energia kontsumoa murriztea, iturri berriztagarrietatik kontsumitzea, pobrezia energetikoa gutxitzea eta fakturak merkatzea dira kooperatibaren helburuak. Hala, 2025eko urte hasieratik martxan dabil taldea, eta abenduan egin zuten aurkezpena udalerrian. Orain, mutrikuarren fakturak aztertzen dabiltza, eta pentsiodunei laguntza eskaini diete, doan, argindarra eta gasaren fakturan aurrezteko.
“Pentsioduna bazara, eta argindarra eta gasaren fakturan aurreztu nahi baduzu, herritar talde bat prest gaude laguntza hori dohainik emateko”, adierazi dute taldeko kideek. Izan ere, dagoeneko hogeita bi faktura aztertu dituzte, eta ia 10.000 euroko urteko aurrezpena lortu dutela jakinarazi dute. “Horretarako faktura bakoitza aztertzen dugu, herritar bakoitzaren beharretara egokituz”.
Interesa duen pentsiodunak Klik Mutriku Energia Komunitatearen buzoian -Mutrikuko Konde Kaleko Debegesaren lokaleko buzoia-, gutunazal batea sartuta, utzi beharko du aztertzea nahi duen faktura, izena eta telefono zenbakia idatzita. Ondoren, taldea jarriko da harremanetan faktura buzoian utzi duen herritarrarekin.