Lehia handiko bederatzi partida jokatuko dituzte Goxua Txapelketako seigarren jardunaldian
Bihar [urtarrilak 29] hasi eta domekan [otsailak 1] amaituko da seigarren jardunaldia.
Seigarren jardunaldiari ekingo diote Maste Goxua Txapelketan bihar [urtarrilak 29]. Guztira bederatzi partida jokatuko dituzte astea amaitu aurretik, denak ere, Markina-Xemeingo frontoi txikian, eta “partida politak” espero dituzte antolatzaileek: “Pixkanaka badoa aurrera txapelketa. Aste honetan ere partida ugari jokatuko ditugu frontoi txikian, eta lehiakortasunez jokatzen ikusiko ditugu pilotariak”.
Hala, bihar [urtarrilak 29] 20:00etan ekingo diete lehiari. Igor Jaiok eta Unax Gorostolak jokatuko dute Canoren eta Gerrikabeitiaren aurka; bi bikoteek partida bana jokatu eta hura irabazi dute oraingoz. Euren atzetik Larrea I-Larrea II eta Esnaola-Mujika bikoteen txanda izango da; Larretarrek ez dute partida erraza edukiko, izan ere, iazko irabazleen aurka jokatu beharko dute.
Etzi [urtarrilak 30], ostera, bigarren mailako hiru partida ikusteko aukera egongo da, 20:00etan. Laka-Ekaitz eta Lorenzo-Agirregomezkorta bikoteen arteko partida izango da lehenengoa; Lakak eta Ekaitzek jokatutako partida denak irabazi dituzte, eta Lorenzok eta Agirregomezkortak, ostea, galdu. Hala, bigarren bikotea sailkapena iraultzeko asmoz kantxaratuko da. Jarraian, Anitua-Arrieta eta Onagoitia-Aitxulua bikoteen txanda izango da; bi bikoteek txapelketako euren bigarren partida jokatuko dute. Barikuagaz amaitzeko Gandixa-Adorrixa eta Mendibe-Goratz bikoteen arteko lehiaren txanda izango da.
Zapatuan [urtarrilak 31] 16:30ean ekingo diete lehiari. Arratsaldeagaz hasteko, Jokinek eta Andonik neurtuko dituzte indarrak Larrazabalen eta Ezpeletaren aurka; bi bikoteek bina partida jokatu dituzte, eta bana galdu eta irabazi. Hala, sailkapenean aurrera egitea jokoan izanik, partida lehiatua espero dute antolatzaileek. Jarraian Xabier Uriarte eta Mikel Uriarte kantxaratuko dira, Atxurraren eta Arizmendiren aurka aritzeko, eta eguna amaitzeko, lehenengo mailako Txurruka-Txurruka eta Varela-Unanue bikoteen arteko lehia ikusi ahalko da.
Seigarren jardunaldiari domekan [otsailak 1] 17:00etan emango diote hasiera. Bigarren mailako partida bakarra jokatuko dute: Kulek eta Altunak neurtuko dituzte indarrak Uriarteren eta Malaxetxebarriaren aurka. Bi bikoteek partida bana jokatu eta hura galduta kantxaratuko dira, txapelketako lehenengo garaipenaren bila.
Bosgarren jardunaldia. Joan den astean jokatu zuten pilotariek bosgarren jardunaldia, eta irabazle gehienek “zailtasun handirik barik” lortu zuten garaipena. Lehenengo mailako partidei dagokienez, hiru jokatu zituzten. Lehenengoak kantxaratzen IƱaki Urbe eta Anso izan ziren, Roberren eta Atxurren aurka; bigarrenek 18 eta 13 lortu zuten garaipena. Txirloirek eta Urizarrek, ostera, egin beharrekoak erraz gainditu zituzten, Kortazar eta Ube 18-4 mendean hartuta; gaur gaurkoz, bikote irabazleak jokatutako hiru partidatik hirurak irabazi ditu. Anartz Ibarlozak eta Oier Urrutiak garaipena apur bat gaitzago utzi zieten arren, Latxik eta Mujikak aukera guztiak aprobetxatu eta 18-10 irabazi zuten. Lehenengo mailako azken partidua Uzuriaga-Pradera eta Aranburu-Aldape bikoteek jokatu zuten, eta bigarrenek 18 eta 8 lortu zuten irabaztea.
Bigarren mailako partidei dagokienez, lau izan ziren jokatu zituztenak. Igor Loidik eta Haritz Arribillagak 18 eta 10 menderatu zituzten Lorenzo eta Agirregomezkorta, eta emaitza berdinarekin amaitu zen Gandixa-Adorrixa eta Jokin-Andoni bikoteen arteko lehia ere, Gandixaren eta Adorrixaren alde. Atxurrak eta Arizmendik ere garaipena lortu zuten Larrazabalen eta Ezpeletaren aurka, 18 eta 11 irabazita, eta baita Xabier eta Mikel Uriartek ere, Mendibe eta Goratz 18 eta 6 menderatuta.
Seigarren jardunaldia.
- Bihar, urtarrilak 29, 20:00etan.
- Igor Jaio-Unax Gorostola eta Cano-Gerrikabeitia.
- Larrea I-Larrea II eta Esnaola-Mujika
- Etzi, urtarrilak 30, 20:00etan.
- Laka-Ekaitz eta Lorenzo-Agirregomezkorta.
- Anitua-Arrieta eta Onagoitia-Aitxulua.
- Gandixa-Adorrixa eta Mendibe-Goratz.
- Zapatua, urtarrilak 31, 16:30ean.
- Jokin-Andoni eta Larrazabal-Ezpeleta.
- Xabier Uriarte-Mikel Uriarte eta Atxurra-Arizmendi.
- Txurruka-Txurruka eta Varela-Unanue.
- Domeka, otsailak 1, 17:00etan.
- Kule-Altuna eta Uriarte-Malaxetxebarria.