Nekazariak EB-Mercosur akordioa behin betiko deuseztatzeko mobilizatuko dira
Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa momentuz geldi dago, baina, hori behin betiko indargabetzeko, EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuek mobilizazioa deitu dute biharko [urtarrilak 29], Bilbon, 10:00etan hasita. Gaur [urtarrilak 28], berriz, UAGAk eta Ataca nekazarien elkarteak manifestazioa egin du Gasteizen.
Gasteizko mobilizazioa. UAGA EB-Mercosur akordioa, momentuz, indargabetu egin du Euroganberak. Iragan zapatuan [urtarrilak 24], sinatu zuten Europako Batzordeak eta Mercosurreko herrialdeen ordezkaritzak itun hori, baina aipatutako ganberaren berrespen ezak itunkideak auzia EBko Justizia Auzitegira bidaltzera behartu ditu. Akordioa behin betiko indargabetzeko asmoz, EHNE eta ENBA nekazaritza sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte biharko [urtarrilak 29], Bilbon. San Mames aurrealdean ipini dute hitzordua, 10:00etan. Bilboko Kale Nagusia zeharkatuta, Arriaga antzokirainoko bidea egingo dute traktoreek, Europako Parlamentuari aipatutako akordio hori bertan behera utz dezala eskatzeko. Bilbora joateko, traktoreen ibilbideak atondu dituzte. Ibilbide horietako bat Markina-Xemeingo Zelaitik aterako da, 07:00retan; beste bat, Gernika-Lumoko Txaportako Eroskitik, ordu berean. Zornotzan elkartuko dira, 08:45ean, hiribururantz abiatzeko.
Gaur [urtarrilak 28], berriz, UAGAk eta Ataca nekazarien elkarteak manifestazioa egin dute Gasteizen, Buesa Arenan hasi eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino. Protesten hazia 2024an ernaldu zen, urte hartako nekazaritza aldarrikapenen inguruabarrean; Europar Batasunaren merkataritza libreko programa “irmo” salatu zuten sindikatuek, hark nekazaritza sektorea “trukerako txanpon modura” baliatzen zuela argudiatuta.
Sindikatu bietako ordezkaritzek argitu dutenez, EBren eta Mercosurren artekoa nazioarteko merkatuak indartzeari begira dagoen hitzarmena da, eta horrek barne merkatuaren “ahultzea” eta belaunaldien arteko txandapasa “oztopatzea” ekarriko luke. Hain zuzen, nazioarteko merkatuen liberalizazioari egotzi diote beren sektoreak pairatzen dituen arazoen erantzukizunaren “zati handi bat”: “Prezio baxuak, erreleborik eza eta geroz eta okerragoak diren ingurumen zein osasun baldintzak“. Lehiakortasunaren bilaketak nekazaritza eredu “txiki eta ertainaren errentagarritasunari kalte itzela” egingo diola aurreratuta, nabarmendu dute Mercosurren barruan dauden herrialdeetako eskala handiko nekazaritza ekoizpena eta Eurpako ekoizpen eredua “ez direla inondik ere bateragarriak“.
Merkatuen desarautzeak prezioen aldakortasuna “geroz eta iraunkorrago” egingo duela diote, eta horrek “eragin zuzena” edukiko du hainbat alderditan: “Nekazaritza sektoreko beharginek jasaten duten prekaritatean, soldatetan, lan baldintzetan edota lan orduen kopuruan”. Zehazki, ekoizpen sektorerik tradizionalenetan ipini gura dute fokua, hala nola, okela, ezti, zereal edota arrozarenetan: “Horiengan egundoko eragina izango luke akordioak. Adibidez, EBk inportatutako behi haragiaren %58 Mercosurretik dator egun. Inportazio horien hazkundeak zuzenean eragingo lieke ustiategi txiki nahiz ertainei“. Beste horrenbeste, krisialdi klimatikoari dagokionez: “Larriagotzen jarraituko du, hitzarmen hori ez baita bateragarria Itun Berdearekin, ezta Baserritik Mahairako estrategiarekin ere. Gainera, agroekologian oinarritutako eredu iraunkorretarako trantsizioa, honezkero martxan dagoena, asko ahulduko luke.
Eskakizunak, mahai gainean.
Ondorio sorta hori argi lagata, sindikatuek Europako Parlamentuari “bere erantzukizunak gain har ditzala” eskatzen diote: “Bete dezala 2018ko akordioa; horrek zehazten du tankerako hitzarmenak EBren kide diren estatuetako organo gorenek eta Europako Parlamentuak balioztatu behar dituztela”. Halaber, legebiltzarkideei zuzendutako aldarria ere badute: “Bere egin dezatela nekazaritza sektorearen gehiengoaren ahotsa“. Nazioarteko elkarrizketa “funtsezkoa” dela seinalatuta, mundu mailako “nekazaritza esparru berri bat” zabaltzea derrigorrezkotzat dute: “Esparru hori da bidezko merkataritzaren baloreak berreksuratzeko eta elikadura osasuntsurako eskubidea bermatzeko bide bakarra”.
Barne merkatua “indartzea” eta produkzioaren trantsizioa “bultzatzea” dira gako nagusietako bi: “Lehenengoak ekoizpena kontrolatzeko mekanismoak zehaztea eskatzen du; bigarrena Itun Berdearen eta Baserritik Mahairako estrategiaren markopean egin beharra dago”. Belaunaldi berrien parte hartzeak “plangintza ausartak” behar dituela ere azpimarratu dute: “Erosketa publiko bidezko neurriak ezinbestekoak dira, eta tokiko elikadura sustatzea ere bai”. Euskal alderdi politikoentzako deialdia ere badute: “Alderdiei dei egiten diegu, proposamenok defendatu eta garatu ditzaten, bai tokiko gobernuei dagokienez, bai Europako erakundeetan. Ez da koherentea belaunaldien arteko lekukoaren alde apustu egitea eta, era berean, merkataritza libreko akordioak onartzea, ez Europan, ez Euskal Herrian.