Rober-Telleria eta Lander-Egaña bikoteak kantxaratuko dira domekan
Beteranoen Trinketeko Eskuz Binakako XX. Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatuko dute domekan [otsailak 1] 10:00etan.
Latxi-Madariaga eta German-Rober bikoteek jokatu zuten bigarren jardunaldia.Akarregi Pilota Taldea Hirugarren jardunaldiari ekingo diote Akarregi Pilota Taldeak antolatutako Beteranoen Trinketeko Eskuz Binakako XX. Txapelketan. Domekan [otsailak 1] 10:00etan Rober-Telleria eta Lander-Egaña kantxaratuko dira: “Faboritoak Lander eta Egaña dira. Lander lekeitiarra oso forma onean dago, eta Egaña ziur eta sendo aritzen da atzean. Hala ere, Roberrek eta Telleriak asko hobetu dute jokoan, eta partida luzatzen bada aukerak egongo dira ezustekoak ikusteko”.
Joan den domekan [urtarrilak 25] Master 40 mailako pilotarien txanda izan zen. Latxi eta Madariaga aritu ziren Germanen eta Roberren aurka: “Partida gogorra izan zen eta tanto luze asko egon ziren tartean. Oso borrokatua izan zen bi bikoteen aldetik”. Hala, markagailuak Latxiren eta Madariagaren alde egin zuen, 30 eta 28 irabazita: “Faboritoek ez zuten hutsik egin, baina asko kostatu zitzaien partida irabaztea”.
Gorriek luze atera zuten lehenengo sakea, eta “ondo piloteatu” ostean, Latxik eta Madariagak lehenengo tantoa eskuratzea lortu zuten. 2-0 aurretik ipintzea lortu zuten arren, urdinek berehala harrapatu zieten markagailuan 2-2 ipinita. Halabaina, Latxik eta Madariagak gogor eutsi zieten euren postuari, eta 7-2 aurretik ipintzea lortu zuten.

Latxi-Madariaga eta German-Rober bikoteek jokatu zuten bigarren jardunaldia.Akarregi Pilota Taldea
Germanek eta Roberrek 7-4 gerturatzea lortu bazuten ere, gorriek 10-4 aurrera jarraitzea lortu zuten. Hala, Latxik eta Madariagak aurretik egin zuten 15 eta 7rako bidea (13-5, 13-6, 13-7, 15-7). Urdinek eutsi eta abantaila “apur bat” txikitzea lortu bazuten ere (15-11), gorriek abantaila handitzea lortu zuten (20-11).
Markagailuak 10 tantoko aldea markatzen zuenerako (24-14 eta 25-15) “partidua erabakita zegoela zirudien”, baina urdinek aukera denak aprobetxatu eta 25-20 gerturatzea lortu zuten. Gerturatu bakarrik ez, markagailua berdindu eta aurretik ipintzea ere lortu zuten (26-21, 26-26, 26-28). Garaipena bi bikoteek eskuratu zezaketen arren, gorrien azken erreakzioaren ondorioz 28-28 berdindu eta azken bi tantoak eskuratuta amaitu zuten partida: “Emaitza estua izan zen, eta emozioz betetako partida ikusi genuen. Markagailuan aldaketak, tanto ederrak… denetarik eduki zuen domekako norgehiagokak”.

Latxi-Madariaga eta German-Rober bikoteek jokatu zuten bigarren jardunaldia.Akarregi Pilota Taldea