Ormolako putzuan zuhaitz landaketa egingo dute zapatuan
Hezeguneen Mundu Egunaren harira, Ormolako putzuaren inguruan egingo den zuhaitz-landaketa. Mutrikuko natura ondarea berreskuratzeko bidean burutuko den ekintzetako bat da.
Ormolako putzua.Mutrikuko Udala Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Geoparkearen laguntzarekin, Mutrikuko Udalak Ormolako putzura txangoa antolatu du zapaturako. 2020tik ari dira elkarlanean herriko natura ondarea berreskuratzeko asmoz, eta plan horren parte da zapatuan [urtarrilak 31], 10:00etan abiatuta, burutuko duten zuhaitz landaketa.
Iaz erabaki zen Arnoko kontserbazio bereziko eremuan dagoen Ormolako putzuaren egoera berrikustea. Egoera txarra zela ikusi ondoren, berreskuratze lanak abiarazi dira tokiaren egoera lehengoratzeko asmoz. Putzuaren itxitura berritzeaz gain, ertzak leundu dituzte, lurraren maila berdindu egin dute eta eguzkia sartu dadin, alboko zuhaitz batzuk moztu behar izan dira, “hauen ondorioz eguzki orduak murriztu eta biodibertsitatea murrizten zelako”. Hala, zuhaitz hauek mozteak berriak landatzeko beharra ekarri du, eta helburu hori oinarri izanda antolatu dute txangoa: “Proiektu hau borobiltzeko, zuhaitzak moztu zirenez, putzuaren ipar-mendebaldean zenbait landare jarriko dira“.
Ekintza hau burutzeaz gain, hezegune hauen garrantzia azpimarratzea ere badute helburu. Herritarrak gune hauen garrantziaz sentsibilizatzea garrantzitsua dela adierazi dute, “garaiotan naturagunean errespetatzea eta zaintzea funtsezkoa delako”. Honetarako, bertaratzen diren herritarrek zenbait aditu izango dituzte lagun: “Ion Garin Aranzadiko herpetologoak emango ditu azalpenak, eta bertan egongo dira Geoparkeko Gonzalo Torre ingurumen taknikaria, eta baita Jon Naberan Udaletxeko Ekologiako Zinegotzia ere”.
Aurrera begira, “udalaren asmoa da apurka-apurka Arnoko kontserbazio bereziko eremua eta herrian dauden korridore ekologikoei balioa ematea”. Hori honela, herriko eta inguruetako lursailak bereganatzeko helburua du udalak, gune hauek era jasangarri baten kudeatzeko eta behar duten espazioa emateko.
Hezeguneen Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari den honetan, udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera: “Merezi izango duela”.
Honako hau da aurreikusitako plana:
- 10:00 Ibilbide gidatua Olatzetik.
- 10:30 Abeletxeko urmaelean azalpenak: Baso-igel gorri eta txantxikuak.
- 11:30 Abeletxe eta Ormola artean azalpenak: Habitat lurtarren garrantzia eta mehatxuak.
- 12:30 Ormolan auzolana.
- 13:30 Olatzera itzuli.