Ugaitz Belaustegi eta Araiz Arruti: "Datorren lekutik datorrela, aurre egingo diogu faxismoari"
"Faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka" mobilizatuko da GKS, bihar, Bilbon eta Iruñean. Gazte langileei antolakuntzara batzeko deia egiten diete, "joera erreakzionario guztiei" aurre egiteko.
Ugaitz Belaustegi eta Araiz ArrutiLea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko GKS GKSk Bilbon eta Iruñean manifestazio bana deitu du, biharko, 18:00etarako eta 18:30erako, hurrenez hurren. Ugaitz Belaustegi eta Araiz Arruti Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko GKSko kideek gazte langileei ekitaldira batzeko deia luzatu diete, eta borroka testuinguru bat sortzen jarraitzeko eta antolakuntza politikora batzeko beharra azpimarratu dute.
Faxismoaren eta autoritarismoaren aurka mobilizatuko zarete. Zergatik da beharrezkoa gaur egungo testuinguruan mobilizatzea?
Ugaitz Belaustegi: Bi arrazoi nagusirengatik. Alde batetik, ezinbestekoa da bizitzen ari garen faxismoaren gorakadaren eta estatuak ematen ari diren biraketa autoritarioren aurrean euste horma bat eraikitzea Euskal Herrian eta horretarako kaleak hartzea. Bestetik, Euskal Herritik kanpoko lurraldeetara mezu argi bat zabaldu nahi dugu: gazteon artean dena ez dela erreakzioa eta faxismoaren aurka antolatutako indar bat dagoela.
Diozue Euskal Herria ez dagoela indar erreakzionarioen gorakadatik salbu, eta badela «euskal nortasunaren izenean» ageri den faxismo bat. Zerri egiten diozue erreferentzia?
Araiz Arruti: Kapitalismoaren krisi garaietan, faxismoak, oligarkiaren interesen alde egiten du lan, langileriaren sektore desberdin batzuk krisiaren errudun kokatuz eta langile klasea etsaiz nahastuz. Euskal Herria ere ez dago joera hauetatik salbu, eta badira euskal nortasunaren izenean, diskurtso faxistak zabaltzen hasi direnak, euskara eta euskal identitatea erabiliz, mezu baztertzaileak zabaltzeko. Euskal faxismoak oraindik ez du indar handirik, baina azken hilabeteetan gure herrietako kaleetan zehar ikusi ditugu immigrazioaren aurkako aldarriak, baita ikur naziak ere. Datorren lekutik datorrela, aurre egingo diogu faxismoari.
Nahiz eta Euskal Herria ez dagoen testuinguru horretatik salbu, esango zenukete hemen badagoela kontzientzia antifaxista bat?
U.B.: Esango genuke azkenengo hamarkadetan kontzientzia antifaxista nahikoa zabalduta egon dela Euskal Herrian. Frankoren diktadura garaiak eta bizitako errepresio politikoa gogoan edukitzeak zein gure lurraldean egon diren borroka zikloek eta militante politikoek egindako lanak ez du utzi aukerarik faxismoa hedatzeko. Azkenengo urtetan, eduki hori husten ari da; despolitizazioa zabaltzen ari da, eta memoria historikoaren lanketaren faltan, erreakzioak gorantz egin du. Orain arte hedatuta egon den kontzientzia antifaxista zabaldu eta faxismoa ez normalizatzeko, beharrezkoa da bihar indar erakustaldi handi bat egitea.
Helburu gisa jarri duzue mugimendu faxistei aurre egitea. Hala ere, faxismoak duen manipulaziorako gaitasunak langile klasea ere erakartzen du nolabait. Biharko mobilizazioez gain, zeintzuk dira Euskal Herri langilea kontzientziatzeko hurrengo urratsak?
A.A.: Badakigu faxismoa eta olatu erreakzionarioa egun batean soilik ezin direla gelditu. Biharko mobilizazioarekin marra gorri bat jartzera goaz, faxistek atzera egin dezaten eta joera erreakzionarioek gure kaleetan lekurik izan ez dezaten. Azken urteetan egin bezala, despolitizazioa nagusi den garaiotan, ezinbestekoa da egunerokotasunean langile klasea kontzientziatzen jarraitzea eta horretarako, langile klasearen problematikak erdigunean jarriko dituen borroka testuinguru bat sortzen jarraitzea eta geroz eta jende gehiago batzea antolakuntza politikora.
Ugaitz Belaustegi: “Orain arte hedatuta egon den kontzientzia antifaxista zabaldu eta faxismoa ez normalizatzeko, beharrezkoa da bihar indar erakustaldi handi bat egitea“.
Borroka antifaxistak askotarikoak izan daitezke; izan ere, gorputz eta subjektu asko dira faxismoak zeharkatzen dituenak. Susperraldi antifaxista diozuenean, zerri egiten diozue erreferentzia?
A.A.: Aurretik aipatu bezala, faxismoak jopuntuan jartzen ditu kolektibo minorizatuak, eta zabaltzen ari diren diskurtso arrazista, matxista, klasista eta supremazistei aurre egitea beharrezkoa da. Horretarako, erantzun hori antolatzen garen esparru eta eremu guztietan eraman behar dugu aurrera, herri mugimendutik eta langile kolektiboetatik eraikitako fronte zabal bat sortuz, eragile ugarik defendatzen dutena eta faxistei kalean aurre egiteko prestutasuna duena.
Mobilizazioari begira, ekimen ezberdinak egin dituzue herrietan. Nolako erantzuna izan dute?
U.B.: Azkenengo hilabetean mobilizazioren aurkezpenak eta ekintza desberdinak egin ditugu, eta harrera oso ona izan dute. Gazte ugari etorri dira antolatutako ekimenetara, eta eremu desberdinak sortu ditugu, betiere faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako aldarriak erdigunean jarriz. Aurten ere, gazte komiteak izan ditugu martxan Gernika-Lumon, Lekeition, Ondarroan eta Mutrikun, eta gazte askok parte hartu dute mobilizazioaren prestaketetan. Gazteok politizatzeko, kontzientziatzeko eta lan desberdinak aurrera eramateko baliatu ditugu komiteak, eta argi daukagu gazteon artean dena ez dela despolitizazioa.
Biharko mobilizazioekiko zein da zuen aurreikuspena?
U.B.: Euskal Herriko txoko guztiak faxismoaren eta autoritarismoaren aurkako aldarriekin bete ditugu, eta bihar milaka pertsona aterako gara kalera Bilbon eta Iruñean. Joera erreakzionario guztiari aurre egiteko konpromisoa dugu, eta norabide horretan egiten dugu lan egunerokotasunean Mugimendu Sozialistako kideok. Kalera ateratzeko unea da, borrokatzeko eta kontzientzia hedatzeko. Faxistei mezu bat bidaltzeko prest gaude, atzerapauso bat eman dezaten.