Letretan plazer
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.
Argazkia: 11 barri Amaia Lekunberri Ansolak (Markina-Xemein, 1989) kazetaritza ikasketak egin zituen, «zaletasunagatik, zer edo zelako erraztasunagatik eta, erromantikotasunetik begiratuta, mundua aldatzeko nahi bati erantzunez». Bartzelonara eman zuen gero jauzia, eta han, fotokazetaritza masterra eta argazkilaritza dokumentala ikastaroa egin zituen. Bartzelonatik itzuli ostean, ikerketa feministak eta genero masterra egin zuen Leioako campusean, bere bizipenetatik eta hausnarketetatik abiatuta, elikadura arazoen eta zehazki anorexiaren inguruan ikertzeko zeukan gogoari bide emanez. Haren emaitza izan zen Anorexiatik gorputzen birjabetzera: genero arau bitarraren arrakaletatik barrena igarobideak.
Fotokazetaritzako ikasketetako beste kide birekin batera kolektibo bat aurrera eramaten saiatu ostean, Euskal Herrira bueltatu eta Ondarroako Etxelilan emakumeen etxeko dinamizatzaile aritu zen, Argia aldizkaritik deitu zioten arte: «Bartzelonako esperientzia gorabehera, kazetari jardun bakoa nintzen, eta baneukan arantzatxoa». Esperientzia haren baitan, aldizkariaren Larrun monografiko bat berak sinatu zuen, masterreko lanetik abiatuta: Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak jateari uzten dionean?. Hain justu, lan horrengatik 2022an finalista izan zen Rikardo Arregi kazetaritza sarietan.
Behar hark gustura utzi zuen: «Niri gustatzen zait arakatu eta gaiak sakon eta luze aztertzeko denbora edukitzea, emaitza pausatua eta hausnartua izan dadin. Batetik, norbera ere gusturago geratzen da; eta bestetik, irakurleari kalitatezko zerbait eskaintzen diozu». Hala ere, kazetaritzaren ifrentzua ere ezagutu zuen. Laneko erritmoak eta lana eta bizitza pertsonalaren arteko oreka bilatzeko zailtasunak aipatu ditu. Argian sei urte lan egin ostean, kazetaritza albo batera utzi zuen, eta aldi batean Arrigorriagako emakumeen etxean dinamizatzaile egon eta gero, liburutegietan lan egitera pasa zen, liburuzain laguntzaile, aspalditik buruan zeukan aukera: «Kazetaritzan lan egin izan nuenean, utzi egin nion plazeretik idazteari, edo denbora gutxiago eskaini nion. Horrek pentsarazi egin zidan. Orain, lanbidez aldatu dut; ea posible dudan idazketari beste puntu batetik heltzea».
Izan ere, markina-xemeindarrak idaztea du zaletasun, eta literaturarekin lotuta, bi sari aipagarri eskuratu ditu: 2017an, Bilboko Udalaren Gabriel Aresti ipuin lehiaketako sari nagusia eskuratu zuen euskarazko ipuin modalitatean, Ezkontza ipuinarekin, eta 2024an, Bizkaidatz lehiaketakoa Egizu match-ekin. «Idazteko zaletasuna txikitatik datorkit, eta oso lotuta dago irakurzaletasunari. Liburutegietan lan egitea ere ez da kasualitatea. Neure buruari galdetu nion: horrenbeste gustatzen bazaizkit eta egunerokotasunean hain lotuta banago liburuekin, zergatik ez liburutegian lan egin? Uste dut zaletasun horrek zerikusia izan zuela bere garaian kazetaritza ikasketak aukeratzeko orduan», esan du.
Lekunberrik dio «liburutegien mundua» gustatu egiten zaiola: «Oinarrizko zerbitzua dela iruditzen zait, kultura, jakintza eta ezagutzarako eskubidea bermatzeko bide».
Urteen joan-etorriarekin, esparruak bereiztera jo du: «Fotokazetaritza eta argazkilaritza plazeraren eremura eramaten amaitu nuen, eta idazketarekin antzeko zerbait pasatu zait. Gustuko duzun hori lana bilakatzen denean, gustura egiteari utzi diezaiokezu, arrisku hori dago. Joera daukagu pentsatzeko, eta hausnartu beharrekoa da, zerbait gustatzen bazaizu, edo ondo moldatzen bazara zerbaitetan, horretan lan egin behar duzula edo monetizatu. Eta pertsonalki ez zait gehiegi gustatu horrek nire bizitzan izan duen isla. Gustuko duzun hori zure lana denean, pribilegiatu sentitzen zara, eta horrek sarri lanean sakrifizio asko, gehiegi, egitera eraman zaitzake, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko muga itxuragabetzeraino». Horren ondorioz, erabakiak heldu dira: «Esperientziak eraman nau hausnartzera eta bereiztera zer nahi dudan mantendu zaletasun gisa eta zertan nahi dudan lan egin. Zentzu horretan, pozik nago egindako hautuaz. Liburutegia ere bada plazeretik bizi dudan zer edo zer. Ondo uztartzen da nire gustuekin eta atseginez ikusten dut neure burua gizarteari zerbitzu hori ematen. Gainera, asko gustatzen zait liburutegiek duten funtzio soziala».