Hezeguneen garrantzia lehen lerrora ekarri dute Mutrikun
Mutrikuko Udalak, Aranzadik eta Geoparkeak bisita gidatua egin dute Olatz auzoko Ormola putzura, azken urteetan egindako berreskuratze lanak ezagutarazteko.
Hezeguneen Nazioarteko Egunaren [otsailak 2] jatorria ezagutzeko, 1971. urtean jarri behar dugu begirada; izan ere, otsailaren 2an sinatu zen Irango Ramsar hirian Hezeguneen Konbentzioa, hezeguneen kontserbazioa eta erabilera jasangarria sustatzeko nazioarteko lehen hitzarmena. Konbentzio horrek inflexio-puntua markatu zuen, ordura arte hezeguneak sarri gaixotasunekin, eltxoekin eta “alferrikako”lurrekin lotzen baitziren. Ondorioz, milaka hezegune lehortu edo eraldatu ziren, nekazaritza, abeltzaintza edo urbanizazioari bide emateko. Horrek ekarri du gaur egun ezagutzen dugun egoera: hezeguneen galera handia eta horrekin batera biodibertsitatearen murrizketa.
Testuinguru horretan, Mutrikun ere bat egin dute Hezeguneen Nazioarteko Egunarekin. Mutrikuko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak gaur bisita gidatua antolatu dute Olatz auzoko Ormola putzura, azken urteetan egindako lanak herritarrei erakutsi eta hezeguneen garrantzia azpimarratzeko asmoz.
Hezeguneak gertutik ezagutuz. Gaurko bisita Olatzetik abiatu da, eta lehen geldialdia Abeletxe baserriaren inguruko urmael txiki baten egin dute. Bertan, Aranzadiko kideek azaldu dute hezegune txikiek ere balio handia dutela, nahiz eta lehen begiratuan askotan oharkabean pasatzen diren.
Gonzalo Torre Geoparkeko biologoak azaldu duenez, irteeraren helburua ez da soilik Ormola putzua erakustea: «Lehen begiradan ezer ikusten ez den lekuetan ere, pixka bat arakatuta, gauza oso interesgarriak aurki daitezke», adierazi du.
Ondoren, Ormola putzura iritsi dira parte-hartzaileak. Bertan, Ion Garin herpetologoak eta Geoparkeko ordezkariek azalpenak eman dituzte bai putzuaren ezaugarriei buruz, bai azken urteotan egindako lanei buruz. Bisitan zehar, gainera, parte-hartzaileei material didaktikoa banatu zaie, Euskal Herriko anfibio eta espezie desberdinak bereizten ikasteko.
Bisitaren amaieran, auzolanean zuhaitz eta landare batzuk landatu dituzte, putzuaren ertzetan, betiere oreka errespetatuz: itzala eta eguzkia uztartzea, baina urmaela gehiegi itxi gabe. Hala, Lizarra, Astigarra, Elorri zuria, zugandorra eta Sahatsak landatu dituzte ibilbidearen bukaeran.
Berreskuratze lanak. Ormola putzua azken urteetan elkarlanaren adibide izan da. Mutrikuko Udalak, Aranzadik eta Geoparkeak elkarrekin egin dute lan, urmaela berreskuratu eta egokitzeko.
Ion Garin Aranzadiko herpetologoak zehaztu du zer nolako esku-hartzea egin den: «Urmaela sakondu eta inpermeabilizatu egin zuten bere garaian, baina ez zitzaion lur geruzarik bota, eta horrek arazoak sortzen zituen: ertzak irristakorrak ziren eta landaretza ez zen hazten». Horregatik, azken lanen bidez, urmaela hustu eta ertzetan lur geruzak jarri dituzte, naturalizazioa bizkortzeko. “Landaretza hori funtsezkoa da bertan bizi diren animalientzat”.

Ormola putzua.Mutrikuko Udala
Bestalde, itxitura berri bat jarri dute, egurrezkoa eta sendoagoa. Garinen hitzetan, «neurri hori beharrezkoa zen, ganadua barrura sartzea arriskutsua zelako eta basurdeek ere inpermeabilizazio geruza kaltetu zezaketelako». Hala ere, behiek askatik ura hartzeko aukera mantendu da.
Ormola putzuaren ezaugarriak. Ormola putzuaren beste berezitasun nagusietako bat tamaina da. Ion Garinek azaldu duenez, «Euskal Herriko isurialde atlantikoan ohituta gaude oso hezegune txikiak ikustera, eta kasu honetan, inguruko putzuekin alderatuta, Ormolakoa nahiko handia da». Ez da aintzira edo laku baten tamainakoa, baina inguruko putzuekin alderatuta “azalera handiagoa” duela azpimarratu du Garinek, eta “iraunkorra” dela azaldu du. Horrek aukera ematen die zenbait espeziei bertan ugaltzeko: «Ez da inoiz lehortzen, eta horrek mesede egiten die zenbait espeziei, nahiz eta horrek ez duen esan nahi putzu tenporalak okerragoak direnik», azaldu du Garinek. Izan ere, putzu mota desberdinek espezie aniztasuna aberasten dutela zehaztu du herpetologoak.
Azaldu dutenez, gaur egun, Ormolan ez dago “bereziki mehatxatutako” espezie bakar baten presentzia nabarmendu beharrik, baina Europa mailan babestuta dauden hainbat anfibio espeziek bertan ugaltzeko aukera dute, eta horrek bere balioa areagotzen duela mahaigaineratu dute bisitaren antolatzaileek.
Aurrera begira: jarraipena. Egindako inbertsioa garrantzitsua izan dela azpimarratu dute antolatzaileek, eta momentuz ez da aurreikusten urtez urte lan handiak egin beharrik. Hala ere, jarraipen zientifikoa funtsezkotzat jo dute: laginketak egiten jarraitzea, putzuaren egoera nola doan ikusteko eta hartutako neurriak eraginkorrak izan diren ala ez baloratzeko.
Helburua argia da: Ormola putzua egoera onean mantentzea, eta aldi berean, herritarrak hezeguneen balioaz kontzientziatzea.