Seigarren jardunaldia amaituta, aurrera doa Goxua Txapelketa
"Partida politak eta lehiakorrak" izan dituzte seigarren jardunaldian. Eguenean [otsailak 5] emango diote hasiera zazpigarrenari.
Eguenean [urtarrilak 29] hasi zuten Goxua Txapelketako seigarren jardunaldia. Aurreikuspenak jarraituz, espero zituzten “partida politak” izan zituzten asteburuko arratsaldeak girotzeko. Lehen mailako bi partida jokatu ziren asteburuan, eta Larrea I-Larrea II eta Esnaol-Mujika bikoteak izan ziren lehenak, 14-18 tantoko emaitzarekin. Bigarren partidan Txurruka-Txurruka bikoteak alde handia uztea lortu zuen Varela-Unanue bikotearen aurka, 18 eta 7ko markagailuagaz amaitu baitzuten partida.
Bigarren mailako partidetan lehena izan zen Cano-Gerrikabeitia eta Igor Jaio-Unax Gorostola bikoteek lehiatutakoa, 18 eta 9 tanto lortuta. Tartea ez zen berdina izan bigarren partidan: Nekez irabazi zuen Lorenzo-Agirregomezkota bikoteak Laka eta Ekaitzen aurkako partida, 18-17an utzi baitzuten markagailua. 18 eta 11 tantogaz amaitu ziren hurrengo bi partidak, Anitua-Arrieta eta Onagoitia-Aintxulua bikoteek eta Gandixa-Adorrixa eta Mendibe-Goratz bikoteek lehiatutakoak. Emaitza berarekin amaitu zituzten bi partida: Hamar tantoko tartea izan zuten Jokin-Andoni eta Larrazabal-Ezpeleta bikoteek borrokatutako partidak, baita Xabier Uriarte-Mikel Uriarte eta Atxurra-Arizmendi bikoteek lehiatutakoak ere, 10-18 eta 18-10, hurrenez hurren. Kule eta Altuna argi nagusitu ziren jardunaldiko azken partidan, Uriarte eta Malaxetxebarria 15 tantorekin utziz.
Zazpigarren jardunaldia. Orain arteko “giro ona” mantenduz jarraituko dute txapelketarekin. Eguen honetan [otsailak 5] emango die hasiera zazpigarren jardunaldiari, eta jokatuko diren bederatzi partidek maila bera mantentzea espero dute antolatzaile eta zaleek. Lehiakortasun handiko partidak datoz hurrengo jardunaldi honetan ere.
Arratsaldeko 20:00etan jokatuko da lehen mailako aurreneko partida: Iñaki Urbe eta Ansotegi orain arteko emaitzei buelta eman eta garaipen bat lortzen saiatuko dira Uzuriaga eta Praderaren aurka. Maila berean arituko dira Ager Martin eta Igor Uriarte, orain arte jokatutako hiru partidetatik hiru irabazi dituen Muniozguren-Zugadi bikotearen aurka. Txurruka-Txurruka eta Agirrezabal-Txaber Zabala bikoteen txanda izengo da gero, eta lehen mailako azken partida Rober-Atxur eta Ager Martin-Igor Uriarte bikoteek jokatuko dute.
Bigarren mailari dagokionez, bost partidetan, hamar bikote arituko dira norgehiagoka. Anitua-Arrieta eta Uriarte-Malaxetxebarria izango dira lehenak, Alex Arrate-Ander Arraiza eta Lorenzo-Agirregomezkorta bikoteen partidak jarraituta. Zubiriak eta Gomezek gogor borrokatu beharko dute Igor Loidi eta Haritz Arribillagaren aurka orain arte izan ez duten garaipena lortzeko, eta helburu berarekin jokatuko dute Onagoitia eta Aitxuluak Cano eta Gerrikabeitiaren aurka. Jardunaldia ixteko, Kule-Altunae eta Igor Jaio-Unax Gorostola bikoteak lehiatuko dira.
Zazpigarren jardunaldiako partidak:
- Eguena, otsailak 5, 20:00etan.
- Uzuriaga-Pradera eta Iñaki Urbe-Anso (lehenengo maila).
- Anitua-Arrieta eta Uriarte-Malaxetxebarria (bigarren maila).
- Barikua, otsailak 6, 20:00etan.
- Alex Arrate – Ander Arraiza eta Lorenzo-Agirregomezkorta (bigarren maila).
- Ager Martin-Igor Uriarte eta Muniozguren-Zugadi (lehenengo maila).
- Zapatua, otsailak 7, 17:00etan.
- Igor Loidi-Haritz Arribillaga eta Zubiria-Gomez (bigarren maila).
- Onagoitia-Aitxulua eta Cano-Gerrikabeitia (bigarren maila).
- Domeka, otsailak 8, 16:30ean.
- Kule-Altuna eta Igor Jaio-Unax Gorostola (bigarren maila).
- Txurruka-Txurruka eta Agirrezabal-Txaber Zabala (lehenengo maila).
- Rober-Atxur eta Ager Martin-Igor Uriarte (lehenengo maila).