'Gauza handiek hasiera txiki bat dute, eta hau da gure aletxoa'
Dolu perinatalaren inguruan kontzientzia sortzeko jardunaldiak antolatu dituzte Markina-Xemeinen. 'Tximeletak Izarretan' du izena ekimenak, eta eguenean [otsailak 5] hasi eta asteburuan zehar gauzatuko dituzte zenbait ekintza Uhagon Kulturgunean.
Ianhire Solozabal Salegi eta Lujan Ramos Bereziartua Ikusezina bezain azaleratu beharrekoa den dolu perinatala ikusarazteko bidea egiten ari da guraso talde bat Markina-Xemeinen. Dolua bizitzeak dakartzan sentimenduak elkarbanatzeko batu ziren lehen aldiz, eta orain, bizitakoa tabu diren gaien kutxatik ateratzeko asmoarekin datoz. Aste honetan Uhagon Kulturgunean hasiko diren dolu perinatalaren inguruko jardunaldiak lau gurasok elkarlanean egindakoaren emaitza izango dira. Kontzientzia zabaltzea eta beste familia batzuei laguntzea dute helburu; dolua bizitzen ari diren familiek, prozesua etxean pasatu beharrean, hitz egiteko eta mina azaleratzeko leku seguru bat izan nahi dute.
Orain arte “oso ixilean, tabu baten barruan” eraman izan den dolu bat dela aitortu dute Ianhire Solozabal Salegik eta Lujan Ramos Bereziartuak. Jardunaldiak antolatzen ari diren ‘Tximeletak Izarretan’ taldeko bi kide dira, eta ixiletan bizi behar izate horrekin amaitzeko nahi batek sortu zuen beraiengan dolu perinatalari herrian toki bat egiteko beharra. “Errealitate hau ikusarazteko eta honi buruz hitz egiteko” zenbait ekintza antolatu dituzte eguenetik [otsailak 5] domekara [otsailak 8] bitartean.
Lujan Ramos Bereziartua: “Garrantzitsua da elkarreri begiratzea eta nik ere min hau daukat, eta honela lagundu ahal dizut esatea”.
“Bukatzen ez den dolu bat” delako da hain garrantzitsua min hau era seguru baten azaleratzeko bidea egitea. Arrazoi honegatik, onarpenaren garrantzia bereziki azpimarratu dute, “pasatzen den gauza bat da, eta zergatik ez adierazi. Jendeari erakusteko dolu hau existitzen dela, min bat dakarrela eta min hori onartu egin behar dela“. Onarpenak badu bere prozesua, luzea, askotan. Bakoitzak behar duen denbora hartzearen beharra nabarmendu du Lujanek, izan ere, “dolua ez da pasatzen, integratu, baizik. Gertatu zaizuna ulertzeko eta onartzeko, denbora beharko duzu”. Beraz, dolua sakonki bizitzen ari diren horiei behar beste denbora ematea beharrezkoa dela adierazi dute.
Denbora bezain garrantzitsua da, Ianhier eta Lujanen aburuz, leku bat izatea. Familiek leku bat beharko dutela adierazi dute; antzeko zerbait bizi izan duten erreferenteek beso-zabalik jasoko dituzten espazio seguru bat. Dolua oso pertsonala dela inork baino hobeto dakite, eta bakoitzak bere erara bizi duela. Hala, “berdinetik berdinera hitz egitea” beharrezkoa dela adierazi dute, izan ere, sentimenduak edo pentsamenduak partekatzerako orduan, “badakizu ez zaituztela epaituko”. Lujanek babesgune bat sortzen ari direla adierazi du, eta garrantzitsua dela elkarreri begiratzea eta “nik ere min hau daukat, eta honela lagundu ahal dizut” esatea.

Ianhire Solozabal Salegi eta Lujan Ramos Bereziartua
Jardunaldiak. Asteburuan zehar hitzaldietara bertaratzeko aukera egongo da. Ianhire Solozabal Salegik, Jon Castillo Muniozgurenek, Jon Arriagak eta Irati Unamunazagak beraien bizipenak partekatuko dituzte. Ianhirek adierazi du “hitz potoloa bada ere, nolabaiteko pedagogia” izan daitekeela, bai orain dolu perinatala bizitzen ari den famili batentzako, bizitzen ari den norbait gertu dutenentzako, edo orokorrean, gizartearentzako. Dolu honek bere zaintza, babesa, epaiketa-eza eta ulermena behar dituela adierazi dute, hala ere, “askotan entzutea bera ere nahikoa da”.
Ianhire Solozabal Salegi: “Sortu dugun hau babesgunea eta espazio seguru bat da”.
Gizarteak ikaraz tratatzen duen gaia da. Ustez, azal zein uler ezina umeentzat. Helduek nekez jorratzen dutena. Hala ere, taburik barik aritu nahi dute heriotzaz. Umeei ere zuzendu nahi izan die jardunaldien zati txiki bat. Gaia beraiei egokitu eta ipuin kontaketa antolatu dute: “Beharrezkoa da beraiek ulertzea hau gertatu egiten dela, beraiek ere badutela beraien dolua”. “Gure txikien isla” izango den erakusketa bat ere antolatu dute, aitotza pertsonal kolektibo bat egiteko aukera emango duena eta gurasoek maitasunez sortu dutena: “Izar batzuk egongo dira, eta familiek bertan idazteko edo marrazteko aukera izango dute. Honetaz gain, dolu perinatalari buruzko materiala egongo da: liburuak, oroitzapen kutxa edo bideoak”. Zabalik egongo da ekintzak dauden artean, eta bariku zapatu eta domekan, 11:00etatik 13:00etara.
Betiko oroimen txokoa. Markina-Xemeingo Batetaratze Guraso Elkarteak Zuhaitz Eguna antolatu du domeka honetarako [otsailak 8], eta beraiekin harremanetan jarri dira: “Guk ere gure zuhaitza landatzea proposatu genien, dolu perinatalari eskainitako gune bat irekitzeko”, eta oroimenak eta aitortza kolektiboak merezi duten lekua izateko.
Argi dute, beraz, bizitakoari leku bat egitearen garrantzia: “Kontzientzia sortzea eta babesgune izatea da gure helburua. Askotan, gauza handiek hasiera txiki bat dute, eta hau da gure aletxoa“.
- Otsailak 5, eguena
- 19:00etan, Hitzaldia: Dolu perinatala ezagutuz.
- Otsailak 6, barikua
- 19:00etan, Hitzaldia: Aitortza eta agurraren garrantzia.
- Otsailak 7, zapatua, 17:00etan
- 17;00etan, Tximeletaren bidaia: Umeentzako ipuin kontaketa.
- Otsailak 8, domeka, 13:00etan
- 13:00etan, Betiko oroimen txokoaren irekiera ekitaldia: Zuhaitz landaketa eta aitortza kolektiboa.
- 18:00etan, Aitatxo dokumentalaren proiekzioa.