“Aste batez mugikorrik gabe, gure bizitzan zenbateraino txertatuta dagoen konturatzeko”
Mutrikuko Institutuko Batxilergoko irakasleek eta ikasleek deskonexio digitaleko erronka batean parte hartu dute, hezkuntza- eta udal-esparrutik bultzatuta.
Astebetez, Mutrikuko Institutuko Batxilergoko 18 ikaslek erronka ezohiko batean parte hartu dute: mugikorrik gabe joatea eskolara eta eguneroko bizitza telefonoaren erabilerarik gabe egitea. Psikologia eta Biologia arloetako irakasleek eta udaleko programa batek elkarlanean bultzatutako ekimenak mugikorraren erabilerari buruzko kontzientzia piztea izan du helburu, debeku zorrotz bat ezartzea baino gehiago.
Jone Larrañaga Psikologiako irakasleak azaldu du proiektua aurrez egindako formakuntza-prozesu baten barruan kokatzen dela; prozesu horretan irakasleekn eta ikasleek parte hartu dute. Horren amaiera gisa planteatu zen mugikorrik gabe astebete pasatzeko erronka. Hasiera batean Batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzendua bazegoen ere, parte-hartze handiena bigarren mailan lortu zen, hasierako erresistentziak informazio-saio baten ondoren gaindituta.
“Helburua ez zen nork gehiago jasaten duen ikustea, baizik eta mugikorrik ez dugunean zer sentitzen dugun bizitzea”, azaldu du Larrañagak. Horregatik, erronka malgua izan zen eta ikasleen egoera pertsonaletara egokitua: batzuek deiak egiteko telefono sinple bat mantendu zuten, beste batzuek WhatsApp tablet batean erabili zuten etxean, eta zenbaitek asteburuan mugikorra berreskuratu zuen bidaiatzeko beharra zutelako. Guztira, 21 mugikor institutuaren zaintzapean geratu ziren, astelehenetik astelehenera.

Biologiako arlotik, Goizane Aranzamendi irakasleak balantze positiboa egin du. Oraindik jasotako datuak —eguneroko galdetegiak, tentsio arteriala edo bihotz-maiztasuna— aztertzen ari diren arren, ikasleek esperientzia lasaitzat jo dute. “Askok hitz egin dute lasaitasun sentsazioaz, hobeto lo egiteaz eta etxean ikasteko garaian kontzentrazio handiagoaz”, azaldu du.
Ikasgelan ez da aldaketa handirik antzeman, baina bai eskolaz kanpoko ohituretan. Aranzamendiren arabera, ikasle askok adierazi dute mugikorrik gabe distrakzio gutxiago izan dutela eta denbora hobeto aprobetxatu dutela, batez ere irakurketan eta ikasketan.
Ikasleen testigantzek baieztatzen dute hori. Luar, Izaro, Maialen eta Iraiaren esperientzia “hasieran arraroa, baina oso esanguratsua” izan da, eta ohartu dira zenbat denbora ematen duten mugikorrean konturatu gabe. “Denborarik ez genuela uste genuen, eta konturatu gara denbora bazegoela”, azaldu du ikasle batek. Beste batzuek kontzentrazioan, atsedenaldian eta unea bizitzeko moduan izandako hobekuntzak nabarmendu dituzte.
Telefonoak berreskuratu ondoren, hainbat ikaslek aldaketak egitea erabaki dute: sare sozialen erabilera murriztea, lo egin aurretik mugikorra ez erabiltzea edo TikTok bezalako aplikazioak desinstalatzea. Gehienek diote esperientzia berriro errepikatuko luketela, batez ere taldean eginez gero.
Irakasleen ustez, erronka hau lehen urrats bat izan da. Asmoa da emaitzak sakonago aztertzea eta etorkizunean ekimena berriro planteatzea, beste maila batzuetara zabalduz eta ikasleek beraiek esperientzia gazteagoekin parteka dezaten sustatuz. “Adin honetan 18 ikaslek aste oso bat mugikorrik gabe pasatzea bera lorpen handia da”, ondorioztatu dute.
