Atzeratutako partiduak jokatuko dituzte domekan Beteranoen Trinkete Txapelketan
Joan den domekan ezin izan zituzten programatutako partiduak jokatu, jokalari baten lesioaren ondorioz. Hala, asteon lau partidu jokatuko dituzte.
Beteranoen Trinketeko Eskuz Binakako XX. Txapelketan joan den domekan partida bat jokatzekoak ziren arren, jokalari batek jasandako lesioaren ondorioz partida atzeratu behar izan zuten. Hala, asteon lau partidu jokatuko dituzte.
Akarregi Pilota Taldearen ekimenez astero trinketean biltzen dira kirolariak, eta domekan [otsailak 8] Master 40 eta Master 60 mailetako partidak jokatuko dituzte. Goizari hasiera Master 40 mailako partidekin emango diete: “Atzeratutako partiduak errekuperatzeko bi bikotek partidu bikoitza jokatu beharko dute, eta horrela azkenaurreko jardunaldia jokatu ahalko dugu otsailaren 15ean”. Hala, Rober-Telleria eta Lander-Egaña izango dira kantxaratzen lehenak, 09:30ean, eta Landerrek eta Egañak bigarren partidua jokatuko dute 10:15ean, Apezetxearen eta Etxezarragaren aurka, 20 tantora. Azken bikoteak Latxiren eta Madariagaren aurka jokatuko du bigarren partidua, 11:00etan.
11:30ean, aldiz, Master 60 mailako partiduaren txanda izango da: Jaunarena-Foster eta Astigarraga-Beraza. Bi bikoteen bigarren itzulia izango da domekakoa: “Aurreko partiduan Jaunarena nafarrak eta Foster lekeitiarrak errez irabazi zuten, baina oraingoan gipuzkoarrak partida desberdina jokatzeko gogoz daude, martxoaren 22ko finalean txapeldunak izan daitezkeela erakusteko asmoz”.