Berriatuko oinezkoen bideak lekuz aldatuko dituzte "segurtasuna handitzeko" helburuagaz
Berriatuko Udaletik adierazi dutenez, oinezkoen pasabideak lekuz aldatzeko obrek bi edo hiru aste iraungo dituzte.
Berriatuko errepideko obrak. Berriatuko Udala. Berriatuko Erribera kaleko oinezkoen pasabideak lekuz aldatuko dituzte herritarren segurtasuna handitzeko helburuagaz. Duela astebete hasi ziren pasabideak lekuz aldatzeko lanetan, eta udaletxetik adierazi dutenez, bi edo hiru asteko kontua izango da.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, orain arte egon den oinezko pasabideetako bat “ez zen behar beste segurua”, ez zelako ondo ikusten. Horregatik, pasabide hori kendu egingo da, eta haren ordez, hobeto ikusten diren beste bi pasabide jarriko dira, leku egokiagoetan.
Bestalde, udalak mezu argia zabaldu nahi izan du: “Oinezko pasabideak errespetatu egin behar dira. Berriatuko oinezko pasabideetan auto gidari asko ez dira gelditzen, eta horrek arrisku handiak sortzen ditu”. Horregatik, istripuak saihesteko helburuagaz, auto gidariei oinezko pasabideak errespetatzeko eskatu die.