Lurrari kolpeka pasa dute eguna Lea-Artibai eta Mutrikun
Santa Ageda bezpera ospatzen ari dira Lea-Artibai eta Mutrikuko herri zein auzoetan. Arratsaldean ere kalera aterako dira Lekeition, Ondarroan, Ispasterren eta Markina-Xemeinen, eta asteburuan ere ospatuko dute Mutrikun, Berriatuan, Ziortza-Bolibarren eta Munitibarren.
Eguraldia lagun, Lea-Artibai eta Mutrikuko ume, gazte zein nagusiek herriko kaleak girotu dituzte gaurkoan [otsailak 4], Santa Ageda bezperan. Makilak eskuetan hartu eta herriko kaleak zeharkatu dituzte, lurra kolpatuz eta abestuz.Ā
Eskualdeko txikienak izan dira kalera ateratzen lehenak; izan ere, herri guztietako ikastetxeetako umeek “gogotsu” hasi dute eguna gaurkoan. Esaterako, Ondarroan 12:00etan batu dira Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Zaldupe Eskolako ikasleak, Alamedan. Aurretik bakoitzak bere ibilbidea egin ondoren. Arratsaldean ere kalera aterako dira ondarrutarrak; izan ere, Zubi Zahar Herri Ikastolak 18:30ean Maskuloetxean batzeko deia egin du, herrian zehar beste buelta bat emateko. Munitibarko Eskolako umeak ere herriko kaleetan zehar ibili dira, auzokoei dei eginez. “Pozarren” atera ziren balkoietara munitibartarrak. Aulestin ere, eskolatik atera dira ikasleak, eta herrian buelta bat eman ondoren itzuli dira ikastetxera.
Markina-Xemeinen ere ikastetxeen txanda izan da goizean, eta arratsaldean herritarrak Plazabarripean elkartu dira; trikitilari nahiz pandero jotzaileek eta Markina-Xemeingo Bertso Eskolako gaztetxoek girotu dute arratsaldea, eta herritar ugari elkartu dira kaleak alaitzeko asmoz. Mendexan eguerdian ibili dira alde batetik bestera, Goialde Jubilatuen Elkarteak antolatuta. Ispasterren, ostera, 17:00etan elkartu dira herriko plazan. Lekeition, presoei elkartasuna adierazteko helburuagaz, Galarrenan batuko dira 18:30ean, eta amaieran, Julen Atxurra PototoĀ euskal preso politikoaren urtebetetzea ospatuko dute.Ā
Asteburuan, jarraipena.Ā Gaurko jardunaz gain, asteburuan ere eskualdeko herri ugaritan ospatuko dute Santa Ageda. Munitibarren, esaterako, etzi [otsailak 6] elkartuko dira berriro, eta Emakume baserritarren ahotsak, plazara egitasmoan murgilduko dira. 19:00etan Erroa eta geroa dokumentala proiektatuko dute, eta ostean, Maribi Ugarteburu amorotarrak ondu duen Erein, borrokatu, bizi liburua aurkeztuko dute, Arantza Arrien eta Libe Plaza baserritarrekin solasaldia egiteagaz batera.
Zapatuan [otsailak 7], ostera, egun handia izango da berriatuar, mutrikuar nahiz ziortza-bolibartarrentzat. Hiru herrietako bizilagunen artean errotuta daude Santa Agedako ohiturak, eta kalez-kale nahiz baserriz baserri abestera aterako dira; Mutrikun 09:00etan elkartuko dira Luardon, Berriatuan 10:00etan, Eskolaurrean, eta Ziortza-Bolibarren 09:00etan batuko dira, eta Goierri, Zeinke-Ziarregi eta Gollebar auzoak zeharkatuko dituzte.Ā