Lekeitiok Gazte Plana bultzatu du bertako gazteen beharrei erantzuteko
18 eta 30 urte bitarteko gazteekin elkarlanean etxebizitza, enplegua eta mugikortasuna bezalako erronkei aurre egiteko neurriak lantzen ari da Udala
Lekeitioko Udalak Gazte Plana garatzen ari da, herriko 18 eta 30 urte bitarteko gazteen benetako beharrak identifikatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko ekintzak definitzeko helburuarekin. Prozesu osoa gazteen parte-hartze aktiboan oinarritu da, gazteak beraiek izanik planaren subjektu nagusiak.
Ane Koskorrotza zinegotziak azaldu duenez, ekimenak abiapuntu argi bat du: “gazterik gabe ez dago herri bizirik, baina gazteek ere herri bizia behar dute bertan bizi ahal izateko“. Hori dela eta, diagnostikoa eta proposamenak gazteekin batera eraikitzen ari dira.
Lehen diagnostikoa osatzeko, online galdetegi bat zabaldu zen, eta hainbat solasaldi antolatu dira ondoren, azkena aurreko zapatuan egindakoa. Gabonen aurretik ere bilera bat egin zen herriko kuadrilletako ordezkariekin; aurretik, 18-30 adin tarteko kuadrilak identifikatu eta bakoitzetik pertsona batekin harremanetan jartzen saiatu zen Udala. Bilera horretan, galdetegi bana banatu zitzaien, Gabonetan kuadrillan lantzeko, eta hainbat gai jorratzeko aukera izan zuten: etxebizitza, mugikortasuna, enplegua, osasuna, zaintza, berdintasuna eta euskara, besteak beste, baita gai bakoitzari ematen dioten lehentasuna zehazteko ere.
Jasotako ekarpenen arabera, gazte askok adierazi dute euren beharrizanak asetzeko herritik kanpora jo behar dutela, lanagatik, ikasketengatik edo osasun-arretagatik. Adin tarte guztietan, kezka nagusiak etxebizitza, enplegua eta mugikortasuna dira, Lekeition modu duinean bizitzea zailtzen duten faktore nagusiak direlako. Halaber, masifikazioaren gaia ere aipatu da, ez soilik jai garaian, baizik eta uda osoan zehar, eta horrek osasun-zerbitzuetan duen eragina nabarmendu da, batez ere anbulategiko arretan sortzen diren zailtasunak direla eta.

Enpleguari dagokionez, argi geratu da produkzioari lotutako lanpostuak herrira ekartzea zaila dela, baina, aldi berean, Lekeitiok duen kokalekuak eskaintzen dituen aukerak aztertzeko beharra azpimarratu da. Ildo horretan, lehen sektorea berpizteko ahalegina egitea ere proposatu da. Online zein aurrez aurreko galdetegiak jaso ondoren, Udala Gazte Plana osatzen hasi da. Behin
plana amaituta, hurrengo pausua “itzulketa” ekimen bat antolatzea izango da, plana modu erakargarri eta ulergarrian aurkezteko. Gazteek eurek proposatu dute, besteak beste, erakusketa bat egitea, nahiz eta aukera bideragarriena aztertu eta horren arabera erabakia hartu. Ekimen horretan bertan ekarpen berriak egiteko aukera ere egongo da.
Gazte Plana herritar guztiei aurkezteko asmoa dago, gazteek parte hartzen dutela eta badituztela beharrak zein interesak agerian uzteko. Aurreikuspenen arabera, planaren aurkezpena martxoan egingo da.