Lekeitioko harresiaren sekretuak argitara ikerketa arkeologikoari esker
Herritarrek berrikuntza honen berri jaso dezakete Lekeition zehar jarritako panelei esker.
Lekeitioko harresia. 2023 eta 2025 urteen artean, Belén Bengoetxea EHUko Arkeologia irakasle eta Letren Fakultateko dekanoak gidatutako lantaldeari esker, Lekeitioko harresiaren azterketa arkeologikoaren berri izan dute lekeitiarrek. Lekeitioko Udalaren laguntza jaso duen ikerketa bi fasetan gauzatu da eta horren berri izateko, panel informatiboak jarri dituzte harresiaren puntu ezberdinetan.
Panel horien bidez, herritarrek eta bisitariek harresiaren kronologia, eraikuntza, esanahia, bilakaera eta ikerketaren emaitzak ezagutzeko aukera izango dute. Ikerketak, gainera, harresiaren atal ezberdinak datatzea ahalbidetu du, eta orain arte onartutako eraikuntza datak zalantzan jarri ditu. Bereziki aipagarria da Uriarte jauregiko horma-atal zaharrena uste baino lehenagokoa dela: XI. eta XII. mendeen artekoa, hiri-gutuna bera baino zaharragoa.
Udalak aipatu duenez, gaur egun harresiak jatorrizko funtzioa galdu izan duen arren, ez da horma “sinple” bat. Lekeitiok historian zehar izan duen bilakaera sozial, ekonomiko eta kulturalaren funtsezko lekuko da, eta Erdi Arotik gaur egunera arteko ibilbidearen testigantza eskaintzen du, udalaren ustez.