Goikaleko jaiak ospatzen ari dira aulestiarrak
Tortilla usaina nagusi izan da gaur eguerdian [otsailak 7], Aulestiko frontoian. Goikaleko jaiak ospatzen ari dira, eta Tortilla Txapelketagaz hasi dute jai eguna. Hamalau tortilla aurkeztu dituzte txapelketara, eta denen artean Ainhoa izenekoak irabazi du, 16 puntugaz.
Ez dute lan erraza izan epaimahaikideek, gustura probatu dituzte denak ala denak, eta hiru sari banatu dituzte; 50 euro irabazi ditu txapeldunak. Ainara izeneko tortilla sailkatu da bigarren, 14 puntugaz, eta Eneritz izenekoa geratu da hirugarren, 13 puntugaz. Bigarren eta hirugarren sailkatuek 30 euro eta 20 euro jaso dituzte, hurrenez hurren.
Arratsalderako ere plan ederra daukate aulestiarrek. 17:00etatik aurrera, umeen jolasak egongo dira, eta 19:00etan, berriz, Oierrek eta Aratzek kontzertu akustikoa eskainiko dute, gaztetxean.