Kolpez kolpe, lurra esnatzen
Oles eginez esnatu dira gaur Berriatua, Mutriku eta Ziortza-Bolibar. Santa eskean ibili dira herritarrak, auzoz auzo.
Berriatuarrak gaur goizean, santa eskean irten aurretik. Koplaz kopla bete dituzte auzoak gaur [otsailak 7] Berriatuan, Mutrikun zein Ziortza-Bolibarren. Eguaztenean, Santa Ageda bezperan, eskualdeko hamaika txokotan egin modura, eskean atera dira, auzoz auzo eta baserriz baserri.

Mutrikuarrak goizean, Goiko Plazan
Tokian tokiko bertsolari eta musikariek gidatuta, giro ederrean igaro dituzte orduak eskualdeko herritarrek. Zein bere hitzorduetan batu, eta taldeetan banatuta ibili dira santa eskean. 09:00etan elkartu dira mutrikuarrak eta ziortza-bolibartarrak. Azken horiek Goierri, Zeinke-Ziarregi eta Gollebar zeharkatu dituzte. Mutrikun, Luardotik Goiko Plazara kalejiran joan, eta bertan, udaletxe aurrean hasi dute erronda. Mutrikuko Bertso Eskolako kideek eskaini dituzte eguneko lehenengo koplak, eta horien ostean, udal ordezkariak ere animatu dira koplak abestera. Ainhize Azpiazu alkatearen eta Irati Garagarza eta Aitor Itza zinegotzien eskutik jaso dute gaurko lehenengo limosna.
Berriatuarrak, ostera, 10:00etan elkartu dira eskola parean, eta bertan, lehenengo entseguan eztarriak berotu ostean, bi taldetan banatuta atera dira. Batzuk Milloi auzoko baserrietara joan dira, eta beste batzuk, berriz, beheko kaleko baserrietara. Joseba Goienola alkatea, Julen Sololuze, IƱigo Gojenola eta Imanol Aldazabal aritu dira koplak abesten, herriko Tarine Musika Eskolakoen eta herritarren laguntzarekin.
Han eta hemen, emanaldi ederrak utzi dituzte, jasotakoengatik eskerrak emanez, eta falta direnak gogoratuta, haien omenez. Gainera, Berriatuan egun osoko plana osatu dute; izan ere, elkarrekin bazkaldu ostean, 15:00ak aldera berriro aterako dira koplak abestera (Mendibarren pilotalekutik aterako dira). Erronda amaituta, txokolatea hartzeko joango dira 20:00etan, Mendibarren pilotalekura, eta eguna biribiltzeko, Goxalde elkarten afalduko dute elkarrekin.