Nahia Quincoces, Euskal Herriko txapeldun
Nahia Quincoces Mendexako eskiatzaileak distira egin du Erronkariko Pirinioetan, haize zakarrak eta baldintza gogorrek markatutako proban Euskal Herriko Txapelketa irabazita.
Nahia Qincoces eskumako lehenengoa.Bandres Karolo Memoriala Nahia Quincoces Altuna izan da Bandres-Karolo Memorialeko protagonista nagusietako bat, zapatuan [otsailak 7] Erronkariko Pirinioetan jokatutako proban Euskal Herriko txapeldun geratu baita mendiko eskian. Mendexako eskiatzaileak lasterketa sendoa eta ausarta osatu zuen, hego haize bortitzak eta elur baldintza aldakorrek nabarmen gogortutako proban.
Uxue Loizu Ascasso eta Uxue Fraile Azpeitia sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Gizonezkoetan, berriz, Asier Labairu Dominguez geratu da txapeldun (2.31.01) eta Jon Ander Aranburu Zabalok (2.33.34) eta Asier Alonso Korkostegi (2.35.07) osatu dute podiuma. Hain zuzen ere, hiru horiek osatu zituzten probaren sailkapen nagusiaren lehenengo postuak.
Bandres-Karolo Memorialak 200 eskiatzaileren parte-hartzea izan du, eta aurten ere, Euskal Herriko Txapelketa hartu du. Ibilbidea Belagoako aterpetxetik abiatu zuten eta Roncaliako El Ferial eski estazioan amaitu, mendiko eskiaren esentzia betean. A ibilbidean, Quincocesek 20 kilometro pasatxo eta 2.000 metro inguruko desnibela gainditu behar izan zituen.

Euskal Herriko Txapelketaren podiuma.Bandres Karolo Memoriala
Emaitza horrekin, mendexarra Euskal Herriko mendiko eskiaren erreferente nagusietako bat dela berretsi da, baldintza gogorretan eta mendiko lasterketa puruetan maila gorena emanez.
Helmugan, pozik azaldu zen Quincoces, bai lortutako txapelagatik, bai egindako lanagatik. Azpimarratu zuen lasterketa “espero baino gogorragoa” izan zela, haizeagatik eta hotzagatik batez ere, baina ibilbidea “ederra zela eta ondo prestatua” egon zela nabarmendu zuen. Gainera, emakumezkoen lehia “oso parekatua” izan dela adierazi zuen; izan ere, lehenengo hiru sailkatuak tarteka elkar aurreratuz ibili ziren, eta horrek proba “bereziki ikusgarria” bihurtu zuen: “Mendiko eskiaren esentzia hau duten lasterketak gero eta gutxiago daude, eta plazer bat da beste urte batez hemen egotea”.
Hain zuzen ere, Bandres-Karolo Memorialeko sailkapen nagusiari dagokionez, bigarren postua eskuratu zuen Quincocesek (03.02.00), Claudia Gutierrez Lueje asturiarraren atzetik (03.01.26). Horrela, mendexarrak bere maila eta erregulartasuna berretsi zituen mendiko eskiko proba tekniko eta zorrotzetan. Hirugarren sailkatuta, Loizuk osatu zuen podiuma (03.07.22).
Antolatzaileen hitzetan, beste behin ere, Bandres-Karolo Memorialak mendiko eskiaren balioak eta tradizioa aldarrikatu ditu, lehiaketa, omenaldia eta kultura uztartuz. Aurtengo edizioan, Bandres-Karolo saria Feliu Izard kataluniarrari eman diote, “kirol horren sustapenean egindako ibilbide luzea aitortzeko”.