Tximeletak Izarretan: "Ateak zabalik daude behar duenarentzat"
Dolu perinatalaren inguruko jardunaldiak egon ziren asteburuan Markina-Xemeinen Tximeletak Izarretan taldeak antolatuta. Herritarren harrera ona nabarmendu dute antolatzaileek, eta herrian honelako ekitaldiak egitearen garrantzia agerian geratu da.
Tximeletak Izarretan taldeko kideak berbaldianTximeletak Izarretan Herritarrengandik esker ona jasoz amaitu du asteburua Tximeletak Izarretan taldeak. Dolu perinatalaren inguruko jardunaldiak beharrezkoak bezain hunkigarriak izan dira hainbat eta hainbat markina-xemeindarrentzat, eta leku goxo eta seguru bat sortu zuten Uhagon Kulturgunean.
Eguena urduritasunez betetako eguna izan zen Tximeletan Izarretan taldeko kideentzat. Hainbat hilabetez jarudunaldiak antolatzen aritu ondoren, dolu perinatala barru-barrutik ezagutzera emateko berbaldia egin zuten. Lujan Ramos, Ianhire Solozabal eta Jon Castilloren bizipenak lehen eskutik entzuteko aukera izan zuten hurbildu ziren 70 lagunek. Hizlarien urduritasunek alde egin zuten aretoa goraino bete eta denen babesa sentitu zuten unean: “Jendearengandik esker ona eta berba onak jaso genituen herrian honelako zerbait antolatzeagatik.
Jendaurrean aritu ziren solasean barikuan ere. Oraingo honetan aitortza eta agurraren garrantziaz aritu ziren Jon Arriaga, Irati Unamunzaga, Nere Erkiaga eta Leihor Elorriaga. Barikuko harrera ere “zoragarria” zela adierazi dute, eta benetan “giro ederra” izatearekin eskertuta agertu dira kideak.
Zapatua berezia izan zen etxeko txikienentzat. Familiak hartu zituzten kulturgunean, eta ipuin-kontaketa izan zuten Manex Beristainen eskutik. Elkartu ziren 25 pertsonak emanaldi “zoragarri” baten lekuko izan ziren, eta umeei heriotza gertatzen den zerbait dela azaltzeko modu polit bat aurkitu zuten Tximeletaren bidaia ipuinaren bitartez.
Domeka memoriari eta aitortzari eskianitako eguna izan zen. Zuhaitz egunarekin bat egin zuten Tximeletan Izarretaneko kideek, eta ahanzturan ez jausteko eta aitortza kolektiborako ekintza “eder eta hunkigarria” antolatu zuten. Familia askok hartu zuten parte, eta zuhaitz landaketa baten bitartez, memoriarako gunetxo berri bat sortu dute herrian: “Duela gutxiko zen aspaldiko heriotzei egin zitzaien lekua”.
Iluntzean proiekzioa izan zuten. Oraingoan ere, aretoa goraino bete zen, “jesarlekuak beteta eta atzean jendea tente” ikustea pozgarria eta benetan esanguratsua izan zen. Kideen esanetan, “dokumentala aparta da, guztiz gomendagarria”, gainera, Anakotz Lasarte dokumentalaren egilea bertan izatea eta berarekin solastea aukera aparta izan zen.
Tximeletak Izarretan taldeko kideek herritarrengandik jasotako babes eta aitortza nabarmendu nahi izan dute: “Lau egun intentso bezain eder izan dira, eta keintza guztiak jendez gainezka egoteak argi erakusten du gure herrian eta eskualdean ere gai tabu honi buruz hitz egiteko premia dagoela”. Behin eta berriz eman nahi izan dituzte eskerrak: “Antolatzaile eta gurasozurtz bezala, eskerrak eman nahi dizkiegu ekintzetara etorri eta parte hartu duten guztiei”. Orain atsaden hartzea tokatzen dela adierazi dute. Taldeko kideek babesgune direla argi dute, eta taldearen helburuak bere horretan jarraituko duela garbi geratu dadin nahi dute: “Tximeletan Izarretanen ateak zabalik daude behar duenarentzat”. Hasiera batean “aletxo” bat izango zena, zerbait esanguratsua bihurtu da.