Lea-Artibaiko udalerriak prestaketa lanetan murgilduta daude Korrikaren atarian
Martxoaren 19an hasiko da Korrika Atharratzen, eta 29an amaituko da Bilbon.
Hilabete falta da euskararen aldeko lasterketa handia abiatzeko, eta hainbat herritan dagoeneko hasi dira bilerak eta antolakuntza-lanak martxan, dena prest egon dadin martxoaren 19a baino lehen.
Lea-Artibai eskualdean, Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitio dagoeneko batu dira Korrikaren inguruko antolakuntzan, ibilbidea, lekuko-aldaketak eta Korrika Txikia, besteak beste, prestatzen hasteko. Lekeitioren kasuan, otsailaren 27tik aurrera, eta Korrika iritsi arteko asteburu guztietan, ekintza kulturalak antolatuko dituzte —kontzertuak, mahai-inguruak, mendi-martxak, besteak beste— Korrika Kulturala egitasmoaren barruan.
Ondarroan, atzo egin zuten bigarren bilera, eta hemendik aurrera hamabostean behin elkartzea aurreikusi dute. Hurrengo bilera otsailaren 24an izango da, 19:00etan Luardon, eta azkena martxoaren 31n egitea aurreikusten da.
Aulestiren kasuan, otsailaren 20an egingo dute Korrikaren aurkezpena, 19:00etan Areto Nagusian, herritarrei antolakuntzaren berri emateko. Munitibarren, berriz, gaur, otsailaren 11n, 18:30ean bilduko dira Udal Aretoan, euskarazko batzordeko kideak ez ezik, beste batzordeetako ordezkariak ere gonbidatuta.