Ondarroako Herri Batzarrean 2026ko aurrekontuak aurkeztu ditu udalak
Ondarroako Udaletik "oso ondo" baloratu dute joan den asteko Herri Batzarra, eta datorren urtean ere deitzeko konpromisoa hartu dute. 70 herritar inguru batu ziren Kofradia Zaharrean.
Herri Batzarra, Ondarroa. Ondarroako Udala. Ondarroako Udalak Herri Batzarra deitu zuen joan den astean, eta guztira, 70 lagun inguru batu ziren Kofradia Zaharrean. Bileraren helburua aurrekontuak aurkeztea izan zen, eta 2026ko aurrekontua urtarrilaren 1erako erabilgarri izatean jarri zuten fokua: “Ondarroako udaletxean duela 10 urte baino gehiagotik ez dira egon aurrekontuak onartuta urtarrilaren 1erako, beraz, aurten egoteari garrantzia eman nahi genion. Azkenean, hori da udaletxeko diruak kudeatzeko orduan beharrezko tresna”.
Ibon Bergara kirol zinegotziak eta Urtza Alkorta alkateak aurkeztu zuten ekitaldia, eta 13.574.397,07 euroko aurrekontuaren xehetasunak azaldu zituzten: “Aurrekontu anbiziotsuak dira, herritarren beharrizanetara egokituak. Ongizatea, aparkalekuak, mugikortasuna, azpiegiturak… herritarren kezkak jaso, beharrizanak zein diren ikusi eta lehentasunak argi dauzkagu. Proiektuetan ere inbertituko dugu, datozen urteetan azpiegitura berriak exekutatu ahal izateko”. Lehenengo eta bigarren kapituluek aurrekontuen %75 barnebiltzen dituztela azaldu zuten udal ordezkariek: pertsonal gastuak eta hornidurak eta zerbitzuak.
Inbertsioei dagokienez, aurtengo proiektu “handiena” Anexoko aparkalekuarena izango da: “1,2 milioi euro bideratuko dira proiektu honetara. 250 aparkaleku egingo dira autoentzat, 14 aparkaleku autokarabanentzako eta 4 aparkaleku dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako. Horrez gain, argiteria sistema berria jarriko da, eta Zaldu erreka bistaratu eta naturgunea berreskuratuko da”. Telesforo Urrestiren akzioetatik eratorritako diru zati bat ibiliko da honetarako.
Urrestiren akzioetatik lortutako dirua beste hiru proiektutara ere bideratuko da: Zeledonio Arriola eraikinaren birgaitze proiektua (170.000 euro), frontoi estali multifuntzionalaren proiektuaren idazketa (100.000 euro) eta auditorioaren aurreporiektuaren idazketa (20.000 euro).
Ondarroako Udalak Herri Batzarren balorazio “positiboa” egin du: “Ondarroako Udaletik Herri Batzarraren balorazio positiboa egiten dugu, eta datorren urtean errepikatzeko konpromisoa hartzen dugu.