Ondarroako Institutuko ikasle eta irakasleek bat egin dute Sahararen aldeko janari bilketagaz
Eguenera [otsailak 12] arte dago janaria institutura eta Zubi Zahar Ikastolara eramateko aukera. Otsailaren 20an eta 21ean bolutarioak egongo dira herriko dendetan.
Saharari elkartasuna adierazi eta Yaalah Elkarteak abiarazitako janari bilketari bultzada emateko elkartu dira gaur [otsailak 10] goizean Ondarroa BHIko ikasle eta irakasleak. Sahararekiko Elkartasun Elkarteen Koodinakundearen barnean antolatutako egitasmoa da, eta Yaalah Elkarteak Ondarroan abiarazi du janari bilketa, Sahararen aldeko euskal karabanarako janaria biltzeko asmoz. “Gaur Ondarroako Institutuan ikasle eta irakasleak batu gara janari eta konpresa bilketa kanpainari bultzada emateko. Otsailaren 12ra arte ahalik eta konpresa eta janari gehien bilduko ditugu”, azaldu dute Ondarroa BHIko irakasle eta ikasleek.
Hala, “herri sahararrari ahalik eta elikagai gehien” eramateko helburuz, eguenera [otsailak 12] arte egongo da aukera Ondarroako Institutura zein Zubi Zahar Herri Ikastolara janaria zein konpresak eramateko: “Institutuko kide bakoitzari zerbait ekartzeko gonbidapena luzatu nahi diogu. Bai ikasleei eta baita irakasleei ere, era aktiboan parte hartzeko eskatzen diegu, bakoitzak bere neurrian. Izan ere, pakete bat arroz edo kilo bat lekale eurentzako laguntza handia izan daiteke eta hau emateak guri ez digu asko suposatzen”.
Janaria biltzearekin batera, institutuko kideek Saharar herriarekiko “nazioarteko legedia errespetatu eta irtenbide negoziatu bat emateko” eskatu dute: “Nazioarteko legedia errespetatu eta indarrean jarri beharra dago, Saharari autodeterminazio eskubidea gauzatzeko aukera eman behar zaio. Behingoz, nazioarteko bermea izango duen erreferenduma antolatu dezatela Saharan. Izan ere, Marokok okupatuta dauka Sahara eta bere herriko aberastasun guztiak ebasten ditu gaur egun. Egoera bera bizi du Euskal Herriak. Gure herriari buruzko hainbat erabaki hartzea ukatuta daukagu Frantziar eta Espainiar estatuek okupatuta dutelako Euskal Herria. Honegatik zapalkuntza egoeran gauden herriak elkarri laguntzea garrantzitsua da”.
Arroza, pasta, atun eta sardina kontserbak, azukrea, lekaleak eta konpresak bilduko dituzte. Gainera, ikastetxeetako bilketaz gain, otsailaren 20an eta 21ean herriko dendetan egongo dira boluntarioak.
