Porrota, finalean egoteko aukera galdua
Olharan eta Basque bi setetan gailendu zaizkie Urreisti eta Lopezi, Winter Serieseko azken finalaurrekoan, eta mutrikuarrak laugarren postuan bukatu du finalerdietako aurrelarien ligaxka. Hala, Basquek Sorozabalekin osatuko du bikotea domekako final handian.
Argazkia: Eraman Jai Alai Iragan asteleheneko [otsailak 2] partiduak erabakita utzi zituen Eusko Label Winter Serieseko bikote finalistak, baina horrek ez zion emoziorik kendu atzo jokatu zuten [otsailak 9] azken finalaurrekoari. Izan ere, erabakitzear zegoen domekako final handian [otsailak 15] Xabi Barandika aurrelari gernika-lumotarra nork ordezkatuko zuen —ezker olekranona apurtuta du eta eguenean operatu zuten—, Thibault Basque bidartarragaz bikotea osatuz. Hori gutxi balitz, Gernikako Jai Alai pilotalekuak, duela 23 urte, 2003ko uztailaren 7an debuta egiten ikusi zuen kantxak, Imanol Lopez atzelari zumaiarra agurtu zuen.
Zumaiarrak txapelketa hasieran iragarri zuen erretiroa hartzeko asmoa, eta behin betikoa apirilean, Zumaiako San Telmo jaietan hartuko badu ere, ohore guztiekin eta txalo zaparrada beroarekin agurtu zuten atzo, zesta-puntaren katedralean. Hala, atzokoak izan zituen bere emozioa eta magia: Lopezek ezin izan zuen zuen Winter Serieseko bere azken neurketa garaipenarekin ospatu, Jean Dominique Olharan pauetarra —Barandikaren ordez— eta Basque bi setetan gailendu zitzaizkien zumaiarrari eta Eñaut Urreisti mutrikuarrari (10-15 eta 12-15).

Argazkia: Eraman Jai Alai
Merezitako garaipena poltsikoratu zuen bikote moreak, hasietatik bukaerara arte nagusi izanik, eta bikote horiari partiduan sartzea zailduz. Olharan ausart kantxaratu zen ordezko gisa txapelketan jokatu duen hirugarren neurketan —Johan Sorozabal miarraztarra ordezkatu du bi aldiz—; bidartarra, ostera, domekako hitzordu handirako sentsazio onak pilatzeko gogoz. Esan eta egin, atzelariak ez zuen ia hutsik egin. Urreistik bestalde, bere bertsio onenetik urruti, Winter Serieseko finalean egoteko aukera galdu zuen.
Partidua 0 eta 4 partzialarekin zabaldu zuten moreek eta, lehen atsedenaldia iristerako, Olharan eta Basquek abantaila polita zuten alde (3-8). Batzuen tanto onak eta besteen akatsak tarteko, bazirudien lehenengo seta errez bereganatuko zutela. Markagailuak 6 eta 14koa islatzen zuenean, Lopezek zuzendutako bikote horiaren bultzada iritsi zen. Zumaiarrak pilotalekua zutik jarri zuen hamaika aldiz, markagailuan 9 eta 14koa jarri zuen bi hormakoagaz, kasu. Halere, partiduan sartzeko beranduegi zen, eta lehenengo seta 10 eta 15 amaitu zuten.
Bigarren seta parekatuagoa izan zen, baina hala eta guztiz ere, kantxan nagusi zen bikote morea, jokoa markagailuan islatzeko gai izanik. Pauetarrak lehen setean baino akats gehiago egin zituen eta hori baliatuta, markagailuan hurbildu zen bikote gipuzkoarra. Hala ere, neurketa berdintzeko bai, baina ez ziren momentu bakar batean ere aurrea hartzeko gai izan, dena kontrolpean baitzuten Olharan eta Basquek. Lopez bere aurrelaria animatu eta jokoan sartzen tematu zen, baina mutrikuarrak ez zuen bere maila erakustea lortzen. Hala eta guztiz ere, gertu mantendu eta bizirik ailegatu ziren azken txanpara. Beste behin baina, Olharanen tanto bikain batek biribildu zuen seta, gipuzkoarren txapelketa itxiko zuen 12 eta 15ekoa ezarriz.
“Bikote indartsua”. Neurketa bi setetan irabaztea finalerako prestatzeko “modurik onena” dela-eta, garaipenagaz pozik agertu zen Basque, txapelketak aurrera egin ahala bere jokoan hobetuz doala igarri baitu. Atzoko garaipenarekin bidertarrak badaki nor izango duen lagun hitzordu handian: Johan Sorozabal. Miarriztarrak finalerdietako ligaxka hirugarren aurrelari onena bezala bukatu du, eta Barandikaren lekukoa hartuko du domekan, 12:00etatik aurrera, Jai Alai pilotalekuan. Olharan Sorozabalengatik “pozik” agertu zen, finala irabaztea espero duela aitortuz.

Argazkia: Eraman Jai Alai
Miarriztarragaz jokatzeagatik “pozik” zegoela aitortu zuen Basquek; elkarrekin jokatutakoak dira eta txapelketaren bat ere irabazi dute elkarrekin: “Bikote indartsua gara, gehiagi akaso, eta lasaiago jokatu beharko dugu. Asko hitz egin beharko dugu, eta uste dut ondo ibiliko garela”.
Txanponaren beste aldean geratu ziren Lopez eta Urreisti. 23 urteko ibilbide profesionala eta gero, merezi legez agurtu zuen katedralak zumaiarra: zutik eta txalo artean. Atzelariak nabarmendu zuen eguna “arraroa” izan bazen ere partidua “nahikoa lasai” bizi izan zuela. Txapelketa porrotarekin agurtu badu ere, etxera “gustura” itzuli zen zumaiarra, berarentzat garaipenik handiena “23 urtez martxan ibili izana” baita: “Oso eskertuta nago, beti etxean bezala hartu nau Gernikak. Hemen hasi nintzen eta hemen bukatzea oso polita da”.