Zirku tailerra egingo dute zapatuan Markina-Xemeinen
Zapatuan [otsailak 14] izango da tailerra, eta parte hartzeko ez da izenik eman behar.
Markina-Xemeingo Batetaratze Guraso Elkartearen ekimenez, zirku tailerrean elkartuko dira herritarrak zapatu honetan. 16:30etik 18:30era elkartuko dira Bekobenta eskolako gimnasioan, eta parte hartzeko, ez da aurrez izenik eman behar.
Zirkuaren munduan murgilduko dira, eta ume nahiz nagusiek zenbait zirku teknika ikasiko dituzte, Biribil Zirko Eskolaren eskutik: «Zirku tekniketan oinarritutako ikastaro ireki, parte hartzaile eta desberdina izango da, adin nahiz maila guztientzako modukoa. Tailerrean froga desberdinak egingo ditugu, abilezia, oreka, arintasuna, malgutasuna eta indarra erabiliz». Gaineratu dutenez, ikuskizun txiki bat eskaintzeko aukera ere egongo da.
Tailerra adin guztietarako egokia izan daitekeen arren, antolatzaileek 5 urtetik gorako umeei egin diete parte hartzeko deia, eta gaineratu dute gurasoek ere parte hartu dezaketela.