Inauterietako mozorro lehiaketa sare sozialen bidez egingo du aurten Ondarroako Udalak
Lehiaketa inauterietako zapatutik [otsailak 14] martitzenera [otsailak 17] bitartean egingo da, eta irabazleak otsailaren 18an emango dira jakitera.
Ondarroako Udalaren kultura sailak formatua aldatu dio inauterietako mozorro lehiaketari; izan ere, aurten, sare sozialen bidez eramango du aurrera lehiaketa. Parte hartu nahi duten herritarrek argazkia atera beharko dute mozorrotuta eta komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora bidali beharko dute. Gero, Ondarroako Udalak bere Facebook eta Instagram kontuetan jarriko du argazkia eta “atsegin dut” gehien dituztenek saria jasoko dute: 150 euroko erosketa txartela irabaziko du banakako argazkiak eta 300 eurokoa taldekakoak. Ondarroako Udaletik adierazi dutenez, “ezinbestekoa” izango da parte hartzaileak adin nagusikoak izatea.
“Herritarrek geroz eta gehiago erabiltzen dituzte sare sozialak, eta beraien bitartez giroa berotzeko asmoagaz antolatu da lehiaketa aurten formatu honetan. Azken urteetan ohiko formatua indarra galtzen joan da, baina uste dugu bide hau egokia izan daitekeela jendea animatzeko eta saltsa apur ba ipintzeko inauteriei”, azaldu dute Ondarroako Udaleko kultura sailetik.
Lehiaketaren oinarriei dagokienez, argazkiak 2026ko inauterietan ateratakoak izan beharko dira, eta parte hartzaileek banaka edota taldeka bidali ahalko dituzte. Argazkia bidaltzearekin batera bidaltzailearen izen-abizenak eta kontaktua -telefono zenbakia edo posta elektronikoa- bidali beharko da.
Zapatuan [otsailak 14] hasiko da lehiaketa, 11:00etan, eta martitzeneko [otsailak 17] 22:00 arte egongo da aukera argazkiak bidaltzeko. Argazkiak udaleko sare sozialetara igoko dira (Facebook eta Instagram) eta bietako bozkak batuko dira irabazlea izendatzeko. “Antolakuntzak beretzat gordeko du lehiaketan ez onartzeko eskubidea, pertsonen duintasunaren aurkako argazkiak edo konnotazio arrazistak, sexistak edota diskriminatzaileak dituztenak badira”, azaldu dute Ondarroako Udaletik.
Irabazleak eguaztenean [otsailak 18] iragarriko dituzte udalaren sare sozialen bitartez, 12:00etan, eta aurretiaz emandako kontaktuaren bidez jakinaraziko zaie irabazleei.
Ondarroako Udaletik azpimarratu dutenez, lehiaketan parte hartzearekin batera udaleko sare sozialetan argazkiak argitaratzeko baimena onartzen du parte hartzaileak: “Argazkiak bidaltzean parte hartzaileek lehiaketaren helburuetarako bakarrik erabiltzeko baimena ematen dute .Datuak babesteko legeria betez, honako hau bermatzen da: irudiak lehiaketarako bakarrik erabiliko dira, eta ez dira gordeko, ezta beste helburu batzuetarako erabiliko”.